Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatua gezurretan ari dela salatu du GuraSOSek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 5a, 10:43
Argazkia: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua

GuraSOSek ohar baten bidez jakinarazi du, Europako Parlamentuko Eskaera  Batzordeak Zubietako erraustegia dela-eta, Foru Aldundia "gertutik" ikertzen jarraitzen duela

Horrela jakinarazi zioten maiatzaren 11n bidalitako ohar baten bidez, taldeari. Maiatzaren 28an, berriz, Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak ohar baten bidez kontrakoa zabaldu zuen; hau da, Europako Parlamentuak GuraSOSen eskaera atzera bota zuela.

Horren aurrean, Asensio "gezurretan" ari dela azpimarratu du GuraSOSek: "Sekulako ezjakintasuna adierazten ari da". Jakitera eman dute Europak bidalitako oharra ez dela erresoluzioa, ezta eskaera bati egindako erantzuna izan, hain zuzen ere, Europako Parlementuko Eskaera Batzordeak ez du gaia tratatu orain arte egindako bileretan: "Joan den apiriletik, Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak COVID-19arekin lotutako gaiak baino ez da lantzen ari".

GuraSOSek azaldu du Europak bidalitako oharrean Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeko Ingurumen Zuzendaritzak egindako txosten bati erreferentzia egiten zaiola, non azaltzen duten, Ingurumen Zuzendaritza  GuraSOSek eskatu bezala, Foru Aldundia ikertzen ari dela, Zubietako erraustegia dela eta: "Hortaz, ohar horren ondorio bakarra ikertzen jarraitzen dutela da".

Asensioren interpretazioaz
Europak bidalitako oharrak Foru Aldundiari Zubietako erraustegiaren inguruko kudeaketa dela-eta ematen dion balizko bermearen inguruan, Jose Igancio Asensio Ingurumen Diputatuaren interpretazioa "harrigarria eta erabat interesatua" dela uste du GuraSOSek. Gaineratu du, Asensiok egindako interpretazio eta emandako ikuspegi "manipulatzailetik" urruntzen dela erabat beraien irakurketa.   Ikusten dute Europako Parlamentuko Eskaera Batzordeak faltan botatzen duela Foru Aldundiak hondakinen kudeaketarako planaren berrikuspena "epe legalean" egin izana, taldeak "beti" salatu duen  bezala.

Asensiok gaiaren inguruan zabaldutako informazioa "iritzi publikoaren eta komunikabideen gaineko manipulazio larria" dela uste du GuraSOSek, baita  Europako   komunitateko instituzioekiko "errespetu falta ikaragarria" ere. "Asensiok gezurra esaten du eta modu eskandalagarrian manipulatzen du; batzuetan erabateko ezjakintasunetik abiatuta, beste batzuetan Zubietako erraustegiaren aferaren gainean ageriko inkonpetentziarekin". Horren harira, Ingurumen Diputatuaren adierazpenak Europako Parlamentura eramateko tramiteak egiten hasi da GuraSOS.