Kirola Lasarte-Orian

Ostadar Boleibol taldea, jokatzeko gogotsu

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 5a, 11:00

Ostadar SKTko boleibol taldeak erronka ugariri aurre egin behar izan die aurten. Talde hasi berria, kirol horretan lehen pausoak ematen zituen jokalariak... partidaz partida taldea sendotu eta senior mailako Gipuzkoako txapelketan bosgarren zen. Itxialdiak ordea, taldearen garapena eten zuen. Txapelketaren amaiera ofizialaren zain, hurrengo denboraldian hasi dira lanean eta taldean aldaketak izango direla iragarri du Asier Acuriola entrenatzaileak

Alarma-egoera ezarri zenean, Ostadar SKTko boleibol senior taldeari bi partida geratzen zitzaizkion Gipuzkoako Liga amaitzeko. Lehen fasea amaituta, 4. postutik 8. postura sailkatzeko lehian zeuden. “Gure talde 5. postuan zen,” aipatu du prestatzaileak. Gainera, hondartzako boleibol txapelketak ere hastekoak zirela nabarmendu du.

Martxoan federazioak etena jakinarazi eta etxean lanean jarri ziren boleibol jokalariak. “Itxialdiaren hasieran taulak eta boleibol ariketak egiteko bidali nizkien, baina ez genuen errutina edo ariketa espezifikorik zehaztu”.

Gainera, ez dute taldeko saiorik edo ekimenik egin, jokalari batzuek ikasketekin buru belarri egon direla-eta. “Ikasle asko dago, batzuk 2. Batxilergokoak eta online klaseez gai, ikasturte amaierako azterketak prestatzen egon dira,” azaldu du Ostadar Boleibol taldeko .

Txapelketarekin jarraitzeko animoz zeuden eta esperantzak zituzten, baina egoeraren irakurketa egin eta jokalariei denboraldiari amaiera ematea zail ikusten zuela jakitera eman zien Acuriolak. Penaz dira denboraldiari agur esan beharragatik. “Denboraldia amaitzea nahi genuen, taldearen garapena handia izan baita. Gainera, aurten boleibolean lehen pausoak ematen zituzten kirolariek partidatan gero eta presentzia gehiago izatea lortu da, euren eta taldekideen pozerako”.

Hala ere, zain daude, federazioak ez baitu ofizialki txapelketa amaitu denik iragarri. “Federazioak etenaren jakinarazi eta itxaroteko eskatu zigun. Gaur, oraindik ez dugu lehiaketak amaitu direnen jakinarazpen ofizialik,” adierazi du Acuriolak.

Helburua beteta

Denboraldia ofizialki amaitu ez den arren, taldearen lehen urte honetako irakurketa ona egiten du Ostadar Boleibol taldeko arduradunak, ezarritako oinarrizko helburua ere bete dutela azpimarratu du. “Kirol ikuspuntutik ez ziren asmo handiko helburuak, talde hasi berria zen eta boleibolaz gozatzen duen taldea sortu nahi genuen. Taldeak boleibolean aritzeko eta jokatzeko ilusioa eta gogoak dituela erakutsi du. Beraz, hori lortu dugu”.

Eta 2020-2021 denboraldiari begira, ziurgabetasunez lanean ari direla aurreratu du. Izan ere, taldearen iraupena airean baitago. “Gehienak gogotsu daude jarraitzeko, baina batzuk bagenekien bezala, ikasketak direla-eta, utzi beharko dute”.

Taldea osatzeko boleibolaren zaletasuna sortu izana espero du Ostadar Boleibola taldeko prestatzaileak. “Zailtasunik ez izatea espero dugu. Ziur gure kapitainak Leyrek ez duela taldea osatu arte etsiko”.

Hori gaindituta, irailean lanean egotea espero dute, baina arintzen egoerako neurriak direla-eta, “zain gaude horrela izango den jakiteko”.