Irakasle maitea

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 5a, 08:42

Irakasle maitea, martxoaren 13an jaso zenuen bapatean eskolak itxi egingo zirenaren mezua. Egunak ziren korridoreetan lankideen artean koronabirusaren inguruan hitz aspertuak egiten zenituela baina hezkuntza sailetik ez ohartarazpenik, ez inolako mezurik, ez eta abisurik. 13an guztia itxi, 10-11 urteko ikasleei azalpen labur eta hotz bat eman eta denok etxera.  

Hortik aurrerakoa ez da hobea izan. Hezkuntza Sailaren oharrik jaso gabe irakasleak antolatu egin zineten, haurra erdigunean jarri eta epe muga finkorik ez zuen boladari, aurre egiteko prest zeundeten. Handik bi astera, udaberriko oporraldia zetorren eta orduko hartan zenbait sektoreren aldetik, lehen kexak entzun hasi ziren. Zergatik oporraldi honetan eskolekin ez jarraitu? 

Irakaslegoak aurrera egin zuen eta pertsona erdigunean jarriz, ikasturterako antolakuntza berri batetarako plana martxan jarri zen. Kasu honetan, haurraren alderdi akademikoa ere kontutan hartuz, lanean jo eta su ibili ostean, ahots batzuk goratu ziren. Orain ez omen zen garrantzitsuena alderdi akademikoa. Batzuk, ahaztuta zeuden, lehen unetik irakasleek pertsonaren ongizatea bilatu zutela eta alderdi akademikoa bigarren mailan utzi zutela. Hirugarren batzuk, jada hasiak ziren esaten ikasturtea galduko zutela eta euren bizitzetan sekulako eragin tamalgarriak izango zituztela eta teoria itzelak ateratzen hasi ziren. Langileek tinko eutsi zioten lanari. Langileek diot, oraindik hezkuntza sailetik ez baitzen, kasu batzuetan, haurren eguneroko traumatiko berri horretan nola jokatu adierazi, ez baitzen inolako prestakuntza berezirik eskaini, orain arte telelanean aritzera ohitu gabeko sektore bati laguntzeko ez zitzaien bitartekorik eskaini eta ez zegoen kontziliazio familiarrerako inolako planik. Politikarien kudeaketa zalantzatiaz haratago, langileen kudeaketa eraginkorraz hitz egin beharko genuke.

Hala eta guztiz ere, ikasleek dinamika hartu zuten eta euren aldetik eskerrak jasotzen ere hasi ziren batzuk. Beste kolpe polit bat etorri zen ordea maiatz bukaeran. Hezkuntza sailak lanean ari zirela justifikatze aldera edo, eskolarako itzulerara derrigortu zituen irakasleak. ”Irakasleak lanera itzuliko dira” hedabideen eta sailburuaren titularrak egun horietan. Itzuli? Orain artekoa ez al zen ba lanean aritzea izan? Gonbidatuko nuke bat baino gehiago hezkuntza komunitatearen egunerokoa ezagutzera pandemia honetan, noski beste hainbat alorretan bezalatsu. Kasu gehienetan ikaslerik gabe, etxean egiten ari ziren lan hori euren etxebizitzetatik kilometro askotarako joan etorriak kontuan hartu gabe eta eskoletan modu honetara lan egiteko dauden baliabideak eskasak izanda; hori da orain planteatzen dietena. Horretara ere moldatzeko bidean dira. Musukoak etxetik, eramangarriak etxetik, eta guztiaren gainetik dagoen osasuna lurretik.

Zeren izenean guzti hau? Ez dakigu, baina diru kontuek eta hauteskundeek zerikusia dutelakoan nago. Orain udako oporraldia dator. “Irakasleek opor gehiegi izaten dituzte”. Hau izango dugu hurrengoa.