20.000 kasu positiboen langa zeharkatu du EAEk asteazken honetan: bost PCR bidez atzeman dituzte, eta beste 45 egiaztatu serologia bidez. Horietatik bakar bat ere ez Gipuzkoan: asteon ez dute positibo berririk baieztatu lurralde historiko horretan. PCR bidez atzemandakotatik hiru Araban izan dira, eta Bizkaian beste biak.
Azken bi egunetan gora egin du COVID-19ak jota hildako pertsonen kopuruak: hamar eta zortzi, hurrenez hurren. 1.561 guztira, datu ofizialen arabera. Sendatu egin dira beste 16.757, eta tratamenduan daude 1.689. Hiru pertsona ospitaleratu dituzte azken 24 orduetan, eta 22 daude ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan. R0 edo birusaren bisortze-tasa 0,74koa da gaur-gaurkoz –birusa daukan pertsona batek zenbat kutsa ditzakeen adierazten du–.
Herriz herriko datuei so eginez gero, Osasun Sailak jakinarazi du 53 pertsonari eragin diela koronabirusak Lasarte-Orian –ekainaren 1era arteko datuak dira horiek–. Beterri-Buruntza eskualdean 218 kasu atzeman dituzte orain arte:
- Hernanin, 61.
- Lasarte-Orian, 53.
- Andoainen, 48.
- Urnietan eta Astigarragan, 21na.
- Usurbilen, hamalau.