KIROLA LASARTE-ORIAN

Trinko: "Errendimenduari gehiegi begiratu gabe ari gara entrenatzen aste hauetan; kirola egiteaz gozatzen dugu""

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko eka. 3a, 10:00
Trinko triatloi taldeko zenbait kide, proba batean parte hartu aurretik, 2019ko urrian.

Konpetizio denboraldian bete-betean murgildu behar zutenean eten du koronabirusak Trinko Lasarte-Oriako triatloi taldearen jarduna. Konfinamendua arintzen hastearekin batera, etxetik kanpo kirolaz gozatzen ari dira berriro, errepide zein itsasoan. Ez dakite oraindik sasoi honetan probak jokatu ahalko dituzten edo ez: Iruñeko triatloiaren antolatzaileek, esate baterako, irailera atzeratu dute proba hori.

Egutegiko hainbat data gorriz markatuta zeuzkatenean, errotulagailu edo boligrafo hori bera erabili dute hainbat aste tatxatzeko, beste kirolariak bezala, maiatz hasierara arte etxean konfinatuta egon behar izan baitute Trinkoko triatletek ere. Lau hormen artean egin dute kirola 0 fasea iritsi arte, eta arrabola aspertu arte erabili. Itxialdia aritzen joan ahala, hasi dira pixkanaka-pixkanaka entrenamendu errutina berreskuratzen, taldeko kide Asier Gorostegik zehaztu duenez: "Bizikletan, adibidez, bakarkako saioak egiten ari gara asteotan, ez baitago zehaztuta zein baldintzarekin entrena dezaketen taldeek; ez gara gehiegi konplikatu". Itsasora joaten hasiak dira igerian egitera, eta korrika saioak kaleko errepideetan egiten dituzte, kiroldegiak ateak noiz irekiko zain.

Igeriketa, txirrindularitza eta martxa lasterketa edo korrika egitea. Hiru diziplina horietan aritzen dira Trinkoko kideak –duatloia egiten dutenean, azken bietan–, jo eta su. Otsail-martxorako, hasiak ziren lan saioen intentsitatea eta bolumena igotzen, irekitzear zegoen konpetizio denboraldiari begira. Covid-19ak, hala ere, errotik aldatu zuen euren errutina ere: proben antolatzaileak datak aldatzen edo bertan behera uzten hasi ziren, ezin zen etxetik atera... "Krisia lehertu zenean, ez genuen uste horren luzerako izango zenik; hasieran motibatuta ekin genion itxialdiari, ariketak egiten, baina nazka-nazka amaitu genuen arinaldia hasi aurretik".

'Normaltasunera' buelta

Gizarte osoa bezala, Trinkoko kideak ere fasez fase ari dira krisiaren aurreko errutinara bueltatzen. 0 edo hastapen fasean, ezin zuten herritik atera, eta "hamsterren pare" ematen zituzten itzuliak Lasarte-Orian barrena, bizikletan batez ere, Oriatik Zabaletara eta Zabaletatik Oriara. Korrika egitera ere irteten hasi ziren, errepidetik. "Pixka bat arriskutsua zen, baina espaloietatik ezin zen ibili ere egin!", dio Gorostegik. Gure herria Gipuzkoako dentsoenetakoa izateak ere ez zien lagundu –18.825 pertsona bizi gara sei kilometro karratutan; kilometro bakoitzeko 3.000 pasatxo–.

Hona hemen anekdota eder bat: konfinamenduaren faserik gogorrenean, etxetik kirola egitera ateratzea posible ez zenean, Trinkoko taldekide Peio Fadriquek maratoi bat egin zuen bere etxean, sei ordu pasatxoz arituz. Argi dago ez direla geldirik egon hilabete hauetan.

Gipuzkoa faseak gainditzen joan ahala, itsasora joaten hasi dira herriko talde horretako triatletak berriro, igerian egitera. Triatloi gehienak itsaso edo lakuetan jokatzen direnez, urari berriro neurria hartzeko saioak egiten ari dira. Hasiberrientzat, ordea, desabantaila bat da hori: "Itsasoan igeri egitea zailagoa da piszina batean baino; kirola aurrenekoz probatu nahi dutenentzat gogorragoa izango da". 

"Errendimenduari gehiegi begiratu gabe" ari dira lanean Trinkoko kideak. "Kirolzaleak gara, eta, momentuz, gozatzeko ari gara entrenatzen, ez horrenbeste konpetiziora zuzenduta". Dena den, adi daude, ikusteko ea uda ostean lehiaketetan parte hartu ahalko duten ala ez. "Iruñeko Triatloia antolatzen dutenek, esate baterako, iragarri dute irailean egingo dutela proba". Oraindik ziurra ez den arren, beraz, baliteke beraien kirol-jantzi berdeak –ekipazio berria estreinatu dute aurten, gainera– Nafarroan eta beste zenbait lurraldetan ikustea.

Koronabirusaren eragina

"Trinko talde amateurra da; ez dauka langilerik, herriko beste zenbait kirol elkartek bezala. Beraz, alor horretan, apenas eragin digun Covid-19ak", aipatu du Gorostegik. "Trinko hurrengo urtean ere egongo da".

Alor horretan ez, baina beste zenbaitetan bai: entrenamendu-errutinan eta konpetizio sasoia antolatzerakoan, esate baterako. "Abuztu aldean beste probaren batean konpetitu genezake agian, baina zaila da dena uztartzea: oporrak, kontziliazioa...". 

Normaltasun berria iritsi bitartean eta triatloiaren egutegia zehaztu arte, gogotsu jarraitzen dute lanean Trinkoko kideek, kirolaz gozatuz, sortu zirenetik egin izan duten bezala.