Ura eta estolderiaren zergaren "gutxieneko kontsumoa" kobratuko du udalak lehenengo lauhilekoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 2a, 11:32

Covid-19ak eragindako egoera tarteko, udalak zehaztu du ezin izan direla ur-kontagailuak irakurri aurreneko lauhilekoan. Hori dela eta, erabaki du gutxieneko kontsumoa kobratzea ur eta estolderiaren zergan, tarte horretan. Pagatzeko borondatezko epea ireki du, ekainaren 1etik uztailaren 30era. Tasa hori helbideratuta dutenei uztailaren 30ean kobratuko zaie.

Udalak nabarmendu duenez, lehenengo lauhilekoko irakurketak "finkatutako epeez kanpo" egingo balitu, "ohiko kontsumoa baino zenbateko handiagoko erreziboak" kobratuko lituzke kasu gehienetan. Erabaki du 2020ko aurreneko lau hilabeteetan "gutxieneko kontsumoa" kobratzea, eta urrira atzeratzea gainkontsumo horiek, gertatuko balira. "Herritarrak pairatzen ari diren egoeraren ondorioak moteltzea" izan da erabaki hori hartu izanaren helburuetako bat. Zehaztu du zergadunei ez diela kostu gehiago eragingo horrek, urriko errezibotik kendu egingo baita orain pagatuko duten gutxieneko kontsumo hori.

Kontagailuen irakurketak

Ur-kontagailuak irakurtzeari ekingo dio udalak, "epez kanpo", herriko eraikinetan gehiegizko kontsumorik egiten ote duten ala ez jakiteko, eta, hala bada, saihesteko. 

Herritarrei eta bizilagun komunitateei gomendatzen diete euren kontagailuak begiratzea, "jario edo hausturengatik gerta daitezkeen gehiegizko kontsumo ez arrazoizkoak atzemateko".