Segurtasun kitak banatu, eta bezeroen fideltasuna saritu

Txintxarri Aldizkaria 2020ko eka. 2a, 17:03

Aste osoan zehar banatuko ditu Aterpea merkatarien elkarteak segurtasun kitak. Horrez gain, 'Orain gure txanda da' kanpaina ere jarri dute martxan

Astelehen arratsaldean hasi dira segurtasun materialen kitak banatzen. Mercero gunera gerturatu dira herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzako jabeak, eta Aterpeako bi kideren eskutik jaso dituzte hainbat produktu.

478 sorta prestatu dituzte guztira. Bakoitzean, Usurbilgo Lanbide Eskolak egindako segurtasun maskara, gel hidroalkolikoa, desinfektatzailea eta hiru ohar argigarri jasoko dituzte bila joaten diren herriko merkatariek. 

Jakinarazi dute, sorta horiek ez direla soilik Aterpeako kideentzat; elkarteko kide ez diren merkatari, ostalari eta zerbitzuetako jabeei banatuko dizkiete. Hortaz, interesa dutenek, Mercero gunera joan beharko dute astean zehar, arratsaldez, 15:00tatik 16:30erako ordutegian.

Kanpaina berria martxan

Itxialdia arintzen joan ahala eta herritarrak etxetik ateratzeko aukera gehiago duten une hauetan, antzeman dute lasarteoriatarren "babes eta berotasuna". Horrela, herritarren fideltasuna aitortzeko Orain gure txanda da kanpaina berria abiatu du Aterpeak. Caja Rural banketxearekin elkarlanean ari dira, hortaz, lasarteoriatarrek banketxe horretako txartelarekin egiten dituzten erosketen arabera, 5, 10 edo 50 euroko sariak jasoko dituzte txartelean.

Hasi berri dugun hilabete osoan zehar izango da indarrean egitasmoa, eta parte hartuko duten komertzioak behar bezala identifikatu ahal izango dituzte bezeroek; kanpainan parte hartzen ari direla adierazten duen kartela ikusi ahalko da saltokian. 

Azpimarratu dute ez dela Aterpeak egiten dituen eskaintza kanpaina bat, baizik eta, kanpaina honekin  elkarrekin aterako direla aurrera azaldu nahi diete.

Ikus-entzunezko bat ere sortu dute kanpainari ikusgarritasuna emateko. Herriko komertzio txikiaren garrantzia nabarmentzen da horretan, eta komertzio txikiak herritarrei ematen dieten tratua, aholkularitza pertsonalizatua, eta sortzen dituen lanpostu kopurua ikusgarri egin nahi du elkarteak. Horrekin batera, noski, herriari ematen dion bizia ere jarri dute balioan.

Itxialdia eta gero, ilusioz

Bezeroekin berriz elkartzeko "ilusioz" daudela adierazi dute Aterpeako kideek. Bi aste igaro dira berriro ere ateak zabaldu zituztenetik, eta ordura arte egiten zuten lan berari ekiteko gogoz agertu dira. 

Herritarrengan ere jarri dute konfiantza guztia: " Gure bezeroen babesa izango dugula espero dugu, lehen aste hauetan erakutsi duten moduan".