Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak azpimarratu duenez, "pandemia hasi zenetik aurrenekoz" gertatu da maiatzaren 31n erregistratutakoa: koronabirus kasu positibo berririk ez Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaixotuen %83 sendatu egin dira honezkero, baina oraindik pertsona ugari ari dira eritasun hori pairatzen: 1.782 –horietatik 29 ZIU Zainketa Intentsiboko Unitateetan ospitaleratuta daude–. Beste 1.541 pertsona zendu dira Covid-19agatik EAEn.
53 kasu Lasarte-Orian
Herriz herriko datuei dagokienez, maiatzaren 25era arte egiaztatutako kasuen berri eman du Osasun Sailak. Lasarte-Orian 53 pertsonari eragin die Covid-19ak, neurketak egiten hasi zirenetik. Datu ofizialak dira horiek. Lasarte-Usurbil osasun eremuan, berriz, hiru pertsona zendu dira gaixotasun hori dela kausa.