Udala kirol azpiegiturak berriro martxan jartzeko urratsak egiten ari da. Gaurtik, esaterako, Michelingo frontoia berriro erabilgarri izango da. Hori bai, banaka eta aurrez hitzordua eskatuta.
Sarbidea abonamendu txartela duten pertsonek bakarrik izango dute, aurrez hitzordua eginda. Horretarako, kiroldegiko telefonora deitu behar da (943-37 61 82) eta erabiltzailearen izen-abizenak, zein udalerriko bazkide den, adina eta telefono zenbakia adierazi.
Pertsona bakoitzak astean gehienez bi saio erreserbatu ahal izango ditu. Aldagelak eta komunak itxita egongo dira, beraz, erabiltzaileek nahitaez maskara eta kirol-arroparekin bertaratu beharko dute. Halaber, segurtasun neurriak eta erabilera jarraibideak ere kontuan hartuta.
Ikastaroak eta abonamenduen itzultzea
Udal kirol azpiegituretako ikastaroengatik eta abonamenduengatik ordaindutako tarifen zati proportzionala itzultzeko izapideak hasi dituzte. Dirua banku transferentzia bidez egingo da, hortaz, ordainketa helbideratuta ez dutenek lehenbailehen bidali behar dizkiote kontu korronteko datuak udal kirol zerbitzuari (kirolak@lasarte-oria.eus). Jakinarazpena telematikoki egin ezin dutenek 943-37 61 82 telefono zenbakira deitu. Martxoaren erdialdean bertan behera gelditu ziren ikastaroen kuotak itzuliko dituzte lehenik, eta ondoren, kirol azpiegituren abonamendu kuotak.