Normaltasunera berrira bidean kaleetako mugimendua ikusita koronabirusa desagertu egin dela dirudi. Ez da horrela, ordea. Osakidetzak eguerdiro egiten du pandemiaren hedapenaren eguneraketa eta oraindik ere egunero kutsatu berriak gehitzen dituzte. Edonola, Gipuzkoan hamar egunetan kasu bakarra izan da, Donostian asteazkenean erregistratutakoa.
Larunbatean 1.833 PCR proba egin zituzten eta 312 test serologiko. Lehenengoen bidez, bost kutsatu berri baieztatu zituzten, bi, Araban; eta hiru, Bizkaian. Horiek batuta, guztira, 13.518 dira PCR bidez egiaztatutakoak. Lurraldeka: 2.313, Gipuzkoan; 3.006, Araban; eta 7.610 Bizkaian. Test azkarraren bidez, aldiz, zortzi positibo atzeman zituzten atzo.
Kutsatuen egoerari dagokionean, bost lagun hil dira azken 24 orduetan eta, guztira, COVID-19ak eragindako 1.541 pertsona hil dira erkidegoan. Osatuak eta alta jaso dutenak, berriz, 16.499 dira, atzo, 45 alta eman zituzten. Gainerako 1.780 pertsonak (% 9) oraindik ez dira sendatu.
EAEko ospitaleetako Zaintza Intentsiboko Unitateetan 27 lagun daude, bezperan bezain beste. Gainera, PCR bidez positibo eman duten bi lagun ospitaleratu zituzten atzo.
Pandemiaren hasieratik, 177.460 laguni egin diote probaren bat, eta batera edo bestera 19.820 positibo izan dira orain arte. Horietako % 60,9 emakumezkoak dira eta % 38,9 gizonezkoak. Adin tarteari dagokionean, % 65,5 50 urtetik gorakoa da, 50-59 adin tartekoak eragin ditu gehien, % 20,1 dira. Hilkortasunari erreparatuz gero, hildakoen erdia baino gehiago, % 67,2, 70 urtetik gorakoak dira.