Okendon hasi eta amaitu dute mobilizazioa. "Gora ostalaritza!" oihukatu eta Kale Nagusiko errepidera irten aurretik, ez zutenei maskara eman eta segurtasun tartea utzita bi ilara osatzeko eskatu diete, "eredugarriak izan behar dugu".
Lasarte-Oriako Ostalaritza osatzen duten 72 tabernek bi orduz itxi dute, 18:00etatik 20:00etara. Horietako ia denek parte hartu dute mobilizazioan, eta herritarrekin batera, 200 bat lagun izan dira.
45 bat minutu behar izan dituzte plazan amaitu den ibilbidea osatzeko. Txilibitu soinuak eta aldarrikapenak nagusi izan dira: "Ostalaritza aurrera", "irtenbideak nahi ditugu, ez limosna", "Terraza gutxiago eta borroka gehiago"... Zumaburu bidean beteta zegoen terrazakoei protestara batzeko esan diete eta eskuorriak banatu dizkiete, baita bidean topatu dituzten herritarrei ere. Haietan diote udalak oraindik laguntzak onartu ez dituela eta herriko ostalari guztiek irekitzerik izan ez dutela.
Okendora iristean, bi biribil osatu dituzte partaideek eta Aitor Salegik hartu du hitza egoeraren berri emateko. COVID-19ak eragindako krisiaren ondorioz, bi hilabetez lanik egin gabe egon dira, ondorioz, "bakoitzaren egoera ekonomikoa kritikoa da". Ostalarien nahia horri aurre egiteko irtenbideak lortzea da, ekonomikoak, baina, bereziki, denek ireki ahal izatea erraztuko dutenak. "Egun, Kale Nagusiak eta beste bi lokalek ezin dute terrazarik jarri, oso zaila da horrela irekitzea. Jendeak kalean egon nahi du, kosta egiten da barrura sartzea, beraz, terraza beharrezkoa da". Hori posible egiteko eta "sektorea bizirik mantentzeko" beharrezko urratsak eskatu dizkiote udalari, . Krisiaren aurretik herriko ostalaritzak 400 bat lanpostu zituen, "motor ekonomiko garrantzitsua da".
Herritarrei eskerrak eman dizkiete babesarengatik. Txaloak eta "ostalaritza aurrera" oihuekin amaitu dute ekintza. Gehienak plazan geratu dira 20:00etan tabernetara, lanera, bueltatu aurretik.