Positibo berririk ez dute atzeman Gipuzkoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 30a, 13:11

Eguerdian ezagutarazitako datuen arabera, zazpi kutsatu berri egiaztatu zituzten Euskal Autonomia Erkidegoan, atzo. Halaber, koronabirusak eragindako bost lagun hil ziren. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, egunero bezala, COVID-19aren hedapenari buruzko datuen eguneraketa egin du. Horren arabera, zazpi kutsatu berri atzeman dituzte erkidegoan PCR proben bidez. Horietako bat bera ere ez Gipuzkoan, Araban, berriz, bakarra; eta Bizkaian, sei. Horiek batuta, 13.513 baieztapen izan dira orain arte. Lurraldeka honakoa da banaketa: 2.313, Gipuzkoan; 3.004, Araban; eta 7.607, Bizkaian. Test serologikoen bidez, aldiz, 78 kutsatu egiaztatu zituzten ostiralean, orotara, 6.294.

Bi bideetatik lortutako kopuruak batuta, 19.807 dira koronabirusak eragindako herritarrak. Hauen egoerari erreparatuta, atzo, bost lagun hil ziren, pandemia hasi zenetik kutsatutako 1.536 pertsona hil dira (%7,8). Osatutakoak edo alta jaso dutenak, berriz, 16.454 dira (%83,1). Gainerako 1.817 lagunak oraindik sendatu gabe daude (%9,1).

Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleei dagokienean, 27 lagun dauden Zaintza Intentsiboko Unitatean, bezperan baino bi gehiago.