Herriko merkatarien egoera - Meka Leku akademia

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko mai. 30a, 10:00

Akademia irekitzeko "sekulako gogoz" daude Meka Lekuko irakasleak, 'normaltasun normalera' iristeko, ez berrira, baina, oraingoz, ez dute egingo. "Ikusi nahi dugu zer nolako bilakaera daukan Covid-19ak datozen asteetan; uste dugu ekain erdialdean balora dezakegula egoera hobeto, datuak eskuetan, eta orduan erabaki ireki edo ez". Gustatuko litzaieke uztailean berrekitea klase presentzialei, bultzadatxo bat behar duten ikasleei laguntzeko. Ateak berriro zabaltzeko erabakia hartuz gero, legeak dioena errespetatuko lukete, "segurtasun osoz" ireki ahal izateko neurri guztiak aintzat hartuz.

Bi hilabete pasatxo daramatzate klaseak etxetik ematen. Hasieran, egun batetik bestera aldatu behar izan zuten euren lana egiteko modua, imajinazioa erabiliz batez ere, baina, asteak pasa ahala, ohitu dira, teknologia berriek eskaitzen dituzten aukerak baliatuz. Konfinamenduaren arintze faseek apenas eragin duten euren lanean, ez bada ikasleak kalera irteten hasi direlako, eta ordutegiak zertxobait moldatu behar izan dituztelako.

Egoera hau "lehenbailehen" bukatzeko irrikaz daudela diote Meka Lekuko irakasleek, eta ikasleak ere hala ikusten dituztela. "Gizartean gertatzen dena islatzen da eurengan: beldurra, nekea, adaptazioa eta adaptazio eza, leporaino egotearen sentsazioa... Ebaluazio azterketak datoz laster, eta batez ere erritmoa jarraitzeko arazo gehien dituztenei kostatzen zaie dinamikari eustea".