Herriko merkatarien egoera - Txitxardin jatetxea

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko mai. 30a, 10:00
Txitxardin jatetxea itxuraberritu du Sergio Humadak.

Koronabirusak eragin du baita ere Txitxardin jatetxearen jardunean. Sergio Humada chefak (Donostia, 1984) Casa Humada egitasmoa martxan jarri zuen irailean; zutabeetako bat da Txitxardin. Covid-19a dela eta, hasierako planteamendua moldatu egin behar izan du. Urtea bukatu arte, gutxienez, goiko solairuak taberna gisa funtzionatuko du –berezko ideia da gune gastronomiko sortzaile bat abian jartzea bertan, 30 bat pertsonarentzat, Shuma izenekoa–. 

Beheko solairuko jantokia, Txitxardinena, ondo bidean, hirugarren fasean irekitzea aurreikusten du Humadak, beharrezko segurtasun eta higiene baldintza guztiekin. "Ikusiko dugu noiz egin dezakegun hori, badirudi ekain hasieran izan daitekeela".

Bien bitartean, terraza "leporaino" dagoela nabarmendu du Humadak. Goiko solairuan jarri dituzte mahaiak, espazio gehiago daukatelako bete beharreko segurtasun neurriak errespetatzeko. Aste hauetako eguraldi ona laguntzen ari zaiela dio, eta herritarrek oso gustura hartu dutela berrirekiera.

Osasun krisia lehertzearekin batera, egoerara moldatzen saiatu eta etxez etxeko zerbitzua martxan jarri zuten, Lasarte-Oriako zein inguruko herrietako biztanleentzat. Datozen hilabeteetan ere jarraituko dute menua osatzeko aukeratu dituzten platerak bezeroen etxeetara eramaten.

Udara begira ekintza gehiago egin nahi dituzte, goizez, arratsaldez zein gauez, herritarrek ahalik eta gehien goza dezaten. "Iluntzean ez du horrenbeste freskatzen honezkero". Urte bukaera baino lehen egitasmo gehiago martxan jartzea aurreikusten du Sergio Humada chefak.