Herriko merkatarien egoera - Noaoa bidaiak

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko mai. 29a, 13:20
Noaoak goizez artatzen ditu bezeroak, Hipodromo Etorbideko bulegoan.

Bezeroei arreta eskaintzea lehenetsi dute Noaoa Bidaiak agentziako langileek osasun krisi honetan ere: itxialdiaren aurreneko asteetan, etxetik; gero, etxeko lana eta bulegokoa tartekatuz; eta, maiatzaren 11tik, bulegoan arreta eskainiz, 09:30etik 13:30era, goizez, beti ere legeak zehazten dituen osasun eta segurtasun baldintza guztiak bermatuz. Bezeroek aurrez erreserbatu behar dituzte hitzorduak. 

Egoera apurka-apurka hobera doala ikusita, bezeroak "bidaiatzeko animo askorekin" daudela azpimarratu du Garbiñe Martijak, eta horrek pozten duela, baina agentzian nahiago dutela tentuz jokatu, eta erreserbarik ez egiten hasi, ez delako batere ziurra nolakoa izango den egoera uztail hasieran, hasiera batean mugak berriz irekitzen dituztenean turismoa egiteko. "Nahiago dugu egoera aztertzen joan eta momentuan momentukoa kudeatu, orain erreserbak egin eta gero bertan behera utzi baino". 

Hipodromo Etorbideko bulegora eskaera asko iristen ari dira. 943 37 36 13 telefonoan, adibidez, jarraibide-sorta bat grabatu eta erantzungailu automatikoan jarri dute, hots egiten duten bezeroek jakin dezaten info@noaoa.eus helbide elektronikora idatzita hartu behar dituztela hitzorduak. "Telefono deiak normal hartuko bagenitu, bezeroak artatzen ari garen bitartean jo egingo luke behin eta berriro, eta horrek oztopatu egingo lituzke gure lan erritmoa eta zerbitzua". 
Osasun krisia lehertu aurretik erreserbak eginak zituztenei itzulketak egiten ari da Noaoa. Azken asteetan, esan bezala, bulegotik: "Neurri guztiak beteta, arreta presentzialari berrekin diogu, bezeroak informatuta mantentzeko modu onena baita". 

Aurtengo udara begira eskaera mordoa ari dira jasotzen: batzuk, ekain amaierarako edo uztail hasierarako. "Iruditzen zait oso kontuz ibili behar dugula, birusak gure artean segitzen du oraindik, ez dakit gizartea horretaz guztiz kontziente den", dio Martijak. "Nork esaten dizu datozen aste edo hilabeteetan birusa indartsu berrager ez daitekeenik, arduraz jokatzen ez badugu? Lleidan hori gertatu da berriki". Hori dela eta, Noaoak nahiago du tentuz jokatu hurrengo hilabeteetako bidaia eta erreserba posibleak kudeatzerakoan. "Gainera, oraindik ez dute zehaztu zein baldintzatan hasiko diren lanean hegazkin konpainiak edo hotelak, esate baterako".