Kirola Lasarte-Orian

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideak, lasterketen hasieraren zain

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 31a, 09:00

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako juniorrak Egia-Zumy sariko podiumean. Arg.: E. Pozo.

Errepideetan barrena kilometroak egitearen gozamena berreskuratu dute duela bi aste Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideek. Etxean lanean egon behar izan dira konfinamendu egoeran eta egoera arintzearekin batera errepidera atera dira. Uztailan, berriro ere, lehian egotea espero dute.

Errepide denboraldia ez da amaitu oraindik Buruntzazpi Txirrindularitza eskolakok kideentzat. Hasi berria zen larrialdi egoera ezarri zutenean eta zehazteko dagoen arren, uztailean lehen lasterketak antolatuko direla uste dute eskolakok kideek. Data horretarako prest egoteko, garaian garai entrenamendua moldatu dute.

Lehen fase batean, etxean arrabolarekin egiten zuten lan gazteek, baita gimnasia edo core lanak ere. Kalera atera izan ahal garenean, adinaren arabera eta ordutegien arabera entrenamenduak moldatzen joan gara,” azaldu digute txirrindularitza eskolako kideek.

Txirrindulari gazteek erronkak egin dituztela ere nabarmendu dute. “Kirolari gazteenek hartu dute aurrea horretan, guk ez dugu ezer proposatu. WhatsApp bidez oreka eta indarrarekin zer ikusia zuten erronkak egin dituzte”.

Kirol instalazioetara noiz itzuli ahalko diren ere ez dakite ziur. “Hirugarren fasean, kirol instalakuntzetan entrenatu ahal izatea, baina oraindik ez dakigu, ez zein mailaten, zein ordutegitan edo zein baldintzetan”.

Horregatik, entrenamendu plangintza zehatzik landu ez dutela nabarmendu dute. “Oraindik ez daukagu lan egiteko plangintzarik, ez baitakigu noiz hasiko garen berriro lehian. Guk uztailean berriro martxan egotea espero dugu eta horri begira ari gara lanean”.

Denboraldiko helburuak ere bigarren mailan utzi dituzte oraingoz. “Denboraldi hasieran genituen helburuak alde batera utzi ditugu eta lasterketak berriro hasiz gero, orduan, ezarriko ditugu berriak. Orain taldea egoera onean egoteko lanean ari gara”.

Hala ere, helburu bat ez dute ahaztu, bide-hezkuntza. Horregatik ulermena eskatzen die herritarrei. “Mugikortasun aldetik baldintzak ditugu eta itxialdiak sortzen duen estresa handia dela badakigu. Baina gure kirola adin txikikoak dira eta txirringa erabili behar dute, beraz, ulermena eskatzen dugu”.

Lasterketa gutxiago

Denboraldi jarraipenari dagokionez, ziurgabetasun egoera dagoela adierazi dute Buruntzazpiko kideek. Uztaila edo abuztuan lasterketak berriro antolatzea espero dugu, baina ez dugu informaziorik".

Pandemia baino lehen aurreikusitako lasterketa kopuru berdina ez dela izango argi dute, ordea. COVID-19ak eragindako krisiak lasterketen antolaketan eragin handia izango du txirrindularitza eskolako kideen hitzetan. “Badakigu krisia eraginda lasterketa batzuk ezingo direla antolatu, babesle eta baliabiderik ez dutelako”.

Kutsadura berriak ekiditeko jarraitu beharreko neurriek ere asko baldintzatu dezakete lasterketen jarduna. “Ez dakigu zein baldintza izango diren horietan parte hatzeko: korrikalari kopurua, ikusleak, zuzendari kotxeak, segurtasun neurriak… Neurriak eta lehiaketa posibleak jakinarazteko Federazioak Gobernuaren zehaztapenen zain daudela uste dugu”, adierazi dute.

Zalantza horiez gain, azken urteko kirolarien etorkizuna ere airean dagoela nabarmendu dute Buruntzazpiko kideek. “Lehiaketarik ez dagoenez, ez dakite hurrengo urtean maila altuagoa duten talderen batean lekurik izango dute”.

Hori guztia argitu artean, lanean jarraituko dute Buruntzazpi txirrindularitza eskolako kideek errepidean, etxean eta ahal dutenean, kirol instalakuntzetan.