TTAKUN KULTUR ELKARTEA

Udako Txokoak aurrera, udaleku itxiak eta kanpaldiak bertan behera

Ttakun Kultur Elkartea 2020ko mai. 29a, 13:13

Ttakun Kultur Elkarteak idatzi bat argitaratu du, aurtengo Udako Txokoekin eta udaleku itxiekin zer egiteko asmoa duen adieraziz.

Ezer baino lehen, Ttakunek animo eta babes mezu bat bidali nahi dizue Lasarte-Oriako familiei, Covid-19aren osasun-krisiak eragindako egoera zail hau bizitzen ari garen honetan. 

Badira ia hiru hamarkada, udaro, Ttakunek bere irudimena abiarazi eta herriko txiki zein gazteei aisialdi hezitzaile bat eskaintzen bere indar guztiak jartzen dituela. Horretan harrapatu gintuen alarma egoerak eta egoerak zenbat iraungo zuen jakin gabe izen emateari eutsi genion moldaketak eginez, eta moldaketari egokitzeko ahalmena erakutsi zenuten Lasarte-Oriako familiek. Ordutik, udaran egin daitezkeen jardueren inguruko irizpideak zeintzuk diren jakiteko lanean gabiltza, eta hainbat erakunde publiko eta aisia taldeekin hitz egin ondoren ez dugu irizpide zehatzik jaso. Hau horrela izanik ere, erabaki bat hartzeko ordua iritsi dela uste dugu. Erabakia zaila izan da, udalekuek zein Udako Txokoek familien bizitzaren antolaketan zein haurren euskalduntze eta garapen prozesuan garrantzia dute eta azken unera arte egon litezkeen aukera desberdinak aztertu arren, udaleku itxiak eta kanpaldiak bertan behera uztea erabaki dugu, eta Udako Txokoekin moldaketak eginda aurrera egitea.

Udako Txokoek jarraituko dute beraz, debekurik ez bada, baina ezingo dira betiko Udako Txokoak egin eta horregatik moldaketa lan horietan eskua luzatu nahi diegu herriko eragileei,  familiei eta udalari prozesu berri hau diseinatzeko. Aurrera egingo dugu argi dugulako udalekuak ezinbestekoak direla haurren garapen prozesuan, bereziki aurten etxeko txikiak eta gaztetxoak gogor kolpatu baititu itxialdiak. Behar emozionalak, afektiboak eta sozialak asetzea denon ardura da eta beraien adinkideekin bizipenak elkar bizitzeko irrikan egongo dira. Ezin ahaztu ere familien kontziliatzeko beharrak.

Haurrak, familiak eta hirugarren ardatza, gure begiraleak. Aipamen berezi bat egin nahi dizuegu. Garai batean udalekuetako haurrak izan zinetenak eta zuen emozio guztiak egungo txikiekin konpartitzeko irrikan zaudetenak. Denon segurtasuna eta beharrak bermatu nahian gabiltza, Udako Txokoetan gogoz lanean jarrai dezazuen.  

Gertutasunak inoiz baino garrantzia handiagoa hartu du egun hauetan, gertutasun fisikoaren ezintasunetik haratago, gertutasun modu berriak garatzera iritsi arte. Ttakunek hizkuntzan oinarritzen du bere jarduna, baina Lasarte-Oriako herriarengandik hurbil egonda landu nahi dugu hizkuntza. Familiengandik, merkatariengandik eta udalarengandik hurbil egonez, eta beraiekin elkarlanerako zubiak eraikiz. Izan ere, zubiak bi aldetatik eraikitzen direnez, Ttakun Kultur Elkartetik eskerrak eman nahi dizkizuegu gugan jarritako konfiantzagatik eta izandako pazientziagatik, eta aurten ere Udako Txokoetan gurekin arituko zaretela espero dugu, hutsunearen gainean zubiak eraikiz. Guk lanean jarraituko dugu herrigintzan, haurrak erdigunean jartzen dituen euskarazko aisia eskaintza osatzen eta zuengana helarazten.

Besarkada bero bat jaso ezazue eta etxeko txikiei helarazi. Pausoka eta poliki, laster, herriko plazetan elkartuko gara.