Bada Coronavirusaren txio bat duela egun batzuetakoa, honela zioena: ‘Desagertzen banaiz, zertaz hitz egingo duzue?’. Igogailuetan izaten da, ba, gairen bati buruz hitz egiteko premia, eta, paradoxikoki, behingoz badugula gai bat eguraldia ez dena, ezin igogailua inorekin konpartitu.

Segur aski, batzuk txutxumutxuka aritzeko baliatuko zuten: ‘Atzo, laugarren pisuko bizilaguna hamar aldiz atera zen txakurra paseatzera. Eta umeak, berriz, lehenengo egunetik etxean sartuta. Ez dago eskubiderik’. ‘Nik, berriz, alboko atariko aitona egunero ikusten dut goiz guztia gora eta behera ogiarekin. Gero, ez dezatela esan besteok kutsatzen ditugula’. 

Bere kezkak ere azalduko lituzke norbaitek: ‘Duela pare bat aste familia osoa egon ginen etxean sartuta izugarrizko katarroarekin, eta Coronavirusa izan bazen? ‘baina galdu al zenuten usaimena?’, ‘ez’, ‘orduan ez zen izango, baina inori ez diotenez testik egiten…’.  

Balkoiko giroa ere izango zen mintzagai: ‘Txaloak eta Resistiré, eta gero, dantzan ibili ginen;  zuek ez zineten animatu, ala?’, ‘ez, nazkatzen hasita gaude musikarekin, umea oso nekatuta iristen da, eta zaratarekin ezin da lokartu’.  

Ziur baten bat animatuko litzatekeela ere etxean egindako janariaz hitz egitera: ‘Gailetak, bizkotxoa, kroketak… denetik egin dugu, horrela jarraituz gero, ez gara atetik kabituko’. 

Ikusi, usaindu (edo ez), entzun eta dastatutakoaz hitz egingo genuke igogailuan, baina zer gertatzen da ukitutakoaz? Hiru hilabetez ikusi ez dugun senidea ezin muxukatu, lagunarekin parkean ezin jolastu, familiako norbait galdu duena ezin besarkatu… Ukitzen uztearena zein fasetan dator?