Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarritako udal-finantzaketaren murrizketari aurre hartzeko udalen eta aldundiaren arteko mahai bateratua eskatu du ELOPek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 29a, 09:18

Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udalen finantzaketan egindako %20 murrizketaren harira ohar bat kaleratu du; udalek finantziazioa behar dutela esan du, osasun larrialdiaren ondorioei erantzun ahal izateko

Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko udalen finantzaketa %20 murriztu duela jakinarazi du Elkarrekin Lasarte-Oria Podemos alderdiak. Hainbat udalek, Covid-19ak sortutako ondorio sozioekonomikoei aurre hartzeko "talka-planak" zehaztu dituztela ekarri dute gogora, eta azpimarratu, aldundiak hartutako erabakiaren ondorioz, ez luketela behar adina finantzaketarik izango inbertsio sozialei aurre egiteko. ELOPen ustez, "udal bakoitzaren kolore politikoa edozein dela ere", udalek finantziazioa merezi dute, osasun larrialdiak eragindako ondorioei aurre egiteko. 

Gipuzkoako udal asko Foru Funtsaren "oso mendekoak" direla ohartarazi du: "Hori gabe, horietako batzuek ezingo lituzkete abian jarritako gizarte-neurriak finantzatu". Gainera, udalen diru-sarreren murrizketa iragartzen duen dekretua udalen parte-hartzerik gabe aurkeztu zela nabarmendu du, eta horrek "talka egiten du hainbat erakundek eskatzen duten lankidetza-mezuarekin". ELOPrentzat "ezinbestekoa" da erabakietan "erantzukidetasuna izatea" eta "akordio zabalak lortzea"; hortaz, baztertu egiten dute Foru Aldundiak udalen finantzazioa murriztea, Gipuzkoako alkate "bakar baten iritzia jaso gabe".

Hortaz, ELOP alderdiak mozio bat aurkeztu asmo du, datorren hilabeteko ohiko udalbatzarrean, eta  mozio horrekin bat egitera deitu ditu EH Bildu eta PSE-EE, Espainian sortzen ari den akordioen bideari jarraituz, "ezkerreko bloke bat eratzeko", eta lankidetzan irtenbideak bilatzeko.