Kirola Lasarte-Orian

Ipar martxako kideek, irailera arte ekimenik ez

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 28a, 16:00
Ostadar Ipar Martxa taldeko kideak Donostian. Arg.: Ostadar Ipar Martxa

Makilak eskuan, erritmo lasaian, batetik bestera ibili ohi dira Ostadar SKTko Ipar martxako kideak. Otsagabia, Sarlat edo Bordele bisitatu behar zituzten hilabete hauetan, baina itxialdi egoerak, etxean egotera behartu ditu. Konfinamendu arintzearekin batera, banaka edo bikoteka atera ahal dira paseotxoak ematera, baina irailera arte, behintzat, ez da taldeko ekintzarik egingo

Martxoaren 13 eta 15a artean, Otsagabiarako bidaia antolatua zuen Ipar Martxa taldeak. Ibilbideak, bazkaria,... guztia prest zuten COVID-19ri aurre egiteko neurriak ezarri baino lehen. Egoerak, ordea, Otsagabiako lagunekin zuten plana atzeratza eraman zuen. “Aste horretan justu neurriak hartzen hasiko zirela iragarri zuten. Otsagabiako taldearekin harremanetan jarri ginen eta irteera atzeratzea erabaki zen. Hango eta hemengo kirolarientzat arriskurik ez izatea zen buruan genuena”.

Irteera horren antzera, beste ekimen ugari ere bertan behera edo dataz aldatu dituzte Ipar Martxako kideek. Rosa Ormazabalek azaldu moduan, “gure taldean arrisku-taldean dauden jende ugari dago eta hoberena momentu honetan guztia etetea da”.

Esate baterako, apirilean Sarlat eta Bordele ezagutzeko bidaia ere prest zuen taldeak eta bertan behera utzi dute. “Aurten ez bada ere, hurrengo urtean joateko lana aurreratua dugu,” aipatu du. Arazoak izan dituzte ordea, diruaren itzulera dela eta. “Sarlat eta autobuseko dirua itzultzea lortu dugu, baina Bordeleko hotela itxita dagoenez, oraindik ezin izan dugu hori konpondu. Ekainean edo auskalo, ea posible den itzultzea”.

Baina Ipar martxako kideak ez dira itxialdian geldirik egon. Etxean makilekin lan egin ahal izan dute Donostiako Marijo Villalbak eta Gironako Cristina Borras irakasleek bidalitako ariketa taulei esker. “Nik baino eskarmentu gehiegoko irakasleak dira eta eurek bidalitako entrenamenduak, bastoiekin ariketak… etxean egiteko aukera izan dugu,” azaldu du Rosa Ormazabal Ipar martxako arduradunak.

Banakako lanaz gain, harremana mantendu eta taldea animatzeko asteazkenero bideo edo argazkiak bidaltzeko deia egin zieten Ostadar Ipar martxako arduradunek. Itxialdian zehar egin dute eta arintze egoeran ere mantendu dute. “Duela bi aste bete, kalera atera ahal izan ginen eta argazkiak bidaltzeko eskatu nien. Gutxi batzuk animatu dira, baina ez dago gaizki”.

Konfinamenduaren arintzea dela-eta, banaka edo bikoteka ateratzen dira eta gomendio batzuk eman dizkie Ipar martxalariei. “Kirola egitea gomendatzen diet. Amaitzean luzaketak edo chikun egiteaz gogoratu daitezela ere garrantzitsua da”.

Lanean hasteko gogoz

Gogoz dago berriro taldearekin biltzeko, “ea laster elkar ikusten dugun eta berriro ere, elkarrekin kirolak gozatzen dugun”.

Ekainean zerbait egiteko asmoa agertu zuen taldeak, baina irailera arte, behintzat, saiorik ez dela egongo aurreratu du Ormazabalek. “Ez dira neurriak betetzen oraingoz seguratasun guztiekin biltzeko. Eta aurten uztaila eta abuztuan etena egiteko asmoa dut. Beraz, irailean ikusiko da. Dena momentua iritsi ahala joango da. Irailean ahal bada elkartuko gara”.

Ez da besoak uztarturik geratuko, irailerako ibilbideak prestatzen egongo da-eta. “Asmoa ahal dugunean martxan jarraitzea da. Guztia prestatu, “normaltasunera” bueltatzean lehen bait lehen martxan jartzeko. Dagoeneko sei ibilbide dauzkagu prest”.

Lasarte-Oria Bai! Krosean parte hartzeko asmoa ere agertu du. Gainera, Gironako taldeko kideak ere etortzekoak direla nabarmendu du. “hitz egin eta urrian etortzekoak dira Krosera, baina guztia egoeraren araberakoa izango da”.

Izan ere, Ipar martxako arduradunak zehaztu bezala, “guztia dago airean eta egunean egunean-egunean ikusiko dugu zein egoera dagoen”.