Euskal presoen aldeko enkartelada ibiltaria eta 'Izan bidea' dinamikaren aurkezpena, bihar

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 28a, 11:00

COVID-19a dela eta, hilabeteko azken ostiraletan euskal presoen egoera salatzeko mobilizazioak etena izan dute itxialdi egoeran. Bihar, ostirala, arratsaldeko 20:00etan, ekingo diote berriro ere jardunari. Sarek antolatutako 'Izan bidea' dinamika ere aurkeztuko dute

Bi hilabeteko etenaldiaren ostean, bihar, ostirala, 20:00etan Elizatze plazatik Okendo plazara enkartelada ibiltaria egingo da euskal presoen eskubideak eskatuz.

Segurtasun neurriak betetze aldera, maskarak eramateko deia egiten dute antolatzaileek.

Okendora iristean Lasarte-Oriako euskal presoen egoraz hitz egiteaz gain, Sarek martxan jarri berri duen Izan bidea. Ibiltarien sarea dinamika azalduko dute.

'Izan bidea' dinamika

Euskal preso eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak eman nahi du Sarek. Erronka Euskal Herriak duen biztanle-kopuru adina kilometro egitea da, hau da, 3.127.326 kilometro.

"Hiru milioi kilometro egiten hasiko den hiru milioi biztanleko herri bat, xede bakarrarekin: bidea egitea; etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea," azaldu dute Sareko arduradunek.

Horretarako, herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatzea da asmoa. 

Dinamikaren azalpen gehiago bihar Okendo plazan egingo den aurkezpenean edo  sare.eus/izan-bidea/ loturan eskuratu daitezke.