Zazpigarren egunez jarraian, kutsatu berririk gabe jarraitzen du Gipuzkoak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 27a, 17:44

Azken datuen arabera, sei pertsona hil dira Koronabirusagatik, Euskal Autonomia Erkidegoan

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak egunero ematen dituen datuen arabera, EAEn hamabi kutsatu berri erregistratu dituzte PCR testen bidez; horietatik bi, Araban eta gainerako hamarrak, Bizkaian. Horiek barne hartuta, guztira 13.496 kutsatu batu dituzte momentura arte; 2.313, Gipuzkoan; 3.002, Araban eta 7.592, Bizkaian.

Test azkarren datuen arabera, 103 baieztapen berri egin dituzte azken 24 ordutan, eta guztira, 6.082 egiaztapen batu dituzte dagoeneko.

Hortaz, orain arteko positiboen kopuru totala (PCR eta test azkarren kopurua gehituta) 19.578koa da.

Osatutako pertsonen datuak ere jakinarazi dituzte. Azken orduetan 172 pertsona sendatu dira, edo ospitaleko alta jaso dute. Osatu edo alta jaso duten pertsonen kopuru totala 17.702koa da. Sendatu ez direnak, aldiz, %1,9 dira, 365 hain zuzen. Atzo hildako sei pertsonak kontuan hartuta, guztira 1.511 pertsona hil dira koronabirusagatik (%7,7).

Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleei dagokienean, solairuko-gelatako bederatzi ospitaleratze berri zenbatu dituzte, eta Zaintza Intentsiboko Unitatean, berriz, pertsona bat gutxiago daude; guztira 27.