Gipuzkoako gailurren barrena ibiltzeko liburuaren edizio berritua aurkeztu du Txusma Perez Azacetak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 27a, 16:00
Txusma Perez Azacetaren artxiboko irudia eta liburuaren portada. Arg.: Txintxarri/SUA Argitaletxea

Duela 20 urte, argitaratu zuen Txusma Perez Azaceta herritarrak (Legazpi, 1958) Iñaki Alcalde Olivaresekin batera 'Montes de Gipuzkoa. 95 rutas a 155 cimas' liburua. Klasiko bat bihurtu da eta Sua editorialak  6. edizio eguneratua aurkeztu berri du

Montes de Gipuzkoa liburua "etorkizuneko igoerak prestatzeko gida bat da natura maite duten pertsonentzat" eta bere izenburuak dioen bezala, Gipuzkoako 155 gailurren barrena egin daitezken 95 ibilbide aurkezten ditu.

"Ibilbide batzuetan hiru edo lau tontor egiten dira. Mendi katalogoan daudenak eta ez daudenak kontuan izan ditugu zenbatzean,” azaldu du egileak.

Ibilbideak bi ordu baino gutxiago irauten dute eta "orokorrean, gailur xumeak dira, errazak igotzeko".

Bideetan barrena

Liburuaren edizio eguneratua egiteko Antxon Burcio eta Sara Carton herritarraren laguntza izan du egileak. Haiekin batera, ibilbide guztiak berregin eta gaileurretako argazkiak atera ditu. 

"Edizio berri honek Gipuzkoako mendiak berriro igotzeko eta gure geografiaz gozatzeko aukera eman digu", azaldu du Perez Azacetak. 

Izan ere, idazleak nabarmendu moduan,"Gipuzkoako herritarrak erakartzen dituzten gailur hauek, mendien edertasuna eta erakargarritasuna garaierarekin zer ikusirik ez dutela baieztatzen dute".

Hala ere, ibilbideetan barrena, azken urteetan zenbait ingurune aldatu direla somatu du Montes de Gipuzkoa liburuko egileak. "Mendian egin diren pistak paisaia moldatu dutela ikusi dugu, baina gehienak duela 20 urte igo genituenean bezala daude".

Gailurrak ez baitira ohituraz mendizaleen helburu bakarra izan, egileak azpimarrratzen duen bezala. "Ingurunean murgiltzeko bide bat izan dira. Bideak, herriak, ohiturak, mito eta kondairak... ezagutzeko aukera izan dira".

Baina hori galtzen ari dela azpimarratu du egileak. Horretarako, mendizaletazunak azken urteetan izan duen garapena ekarri du gogora herritarrak. “Mendi zaletasuna aldatzen joan da, lehen elkarteen eskutik igotzen zen mendira, egun ohitura hori galtzen joan da eta norberak mendi irteerak edo igoerak egiten ditu, elkarteen laguntzarik gabe”.

Beste lanak

Txusma Perez Azacetak beste herritar batzuekin batera, Likken aldizkaria sortu zuen, eta gaur egun Sua Edizioak argitaletxeko koordinatzailea da. 

57 Rutas senderistas por Euskal Herria, Los mejores recorridos de la montaña vasca, Las otras cumbres de la montaña vasca edo Montes desde Donostia; Euskal Herriko mendi eta ibilbideei lotutako hainbat liburu argitaratu ditu. 

Azkena, 2019ko urrian argitaratu zuen Josema Azpeitia eta Ritxar Tolosarekin batera, Rutas y restaurantes con encanto de Gipuzkoa.

Liburuan Gipuzkoako jatetxe  ezberdinak eta euren inguruetan egin ahal diren txango edo ibilbideak aurkezten dituzte egileek.