KIROLA LASARTE-ORIAN

Udalak faseka berrirekiko ditu bere jabetzako kirol instalazioak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 26a, 17:30

Maialen Chourraut kiroldegia hirugarren fasean irekiko du udal kirol zerbitzuak.

Aire zabalean dauden instalazioak ireki ditu Lasarte-Oriako Udalak astelehen honetan, maiatzak 25: frontoiak, tenis pistak, skate pista… Fasetan antolatu du ‘deseskalatzea’: igerilekua zabaltzearena izango da laugarrena eta azkena. Bien bitartean, ikastaroen eta abonuen kuota zati proportzionalak bueltatzeko tramiteei ekin die.

Konfinamendua faseka arintzearen sistema erabiliko du Lasarte-Oriako Udaleko Kirol Zerbitzuak, bere jabetzakoak diren guneak herritarren eskura jartzen hasteko berriro. Lehenengoa astelehen honetan hasi da, maiatzak 25, aire zabalean dauden instalazioak berrirekita: frontoiak, tenis pistak, patinatzeko pista eta Michelingo kirol-guneko zirkuitua, besteak beste.

Herritarrek bakarkako bi saio –tenis pistetan bi pertsonak jokatu ahalko dute batera, gehien jota– egin ahalko dituzte astero, gehienez, beti ere aurrez hitzordua hartuta 943 37 61 82 telefonoan. Segurtasun neurriak betetzea “ezinbestekoa” izango dela jakinarazi du kirol zerbitzuak. Aldagelak eta komunak itxita egongo dira. Erabiltzaileek maskara, kirol jantziak eta eskuoihalarekin sartu beharko dute instalazio horietara, “nahitaez”.

Dagoeneko martxan dagoenaz gain, beste hiru fase prestatu ditu kirol zerbitzuak. Egutegia “orientagarria” dela nabarmendu du, eta Beterri-Buruntzako udalerriekin koordinatutakoa. Kirol instalazioen deseskalatzearen hurrengo faseetarako ez du data zehatzik jarri oraindik, baina iragarri du zer irekiko duen: Michelingo pilotaleku itxia, bigarrenean; Maialen Chourraut kiroldegia, hirugarrenean; eta, azkenik, udal igerilekua, laugarrenean.

Ikastaroak eta abonuak

Covid-19ak eragindako osasun krisia tarteko, badira ia hiru hilabete herritarrek udalaren kirol instalazioak erabili ezin dituztela. Martxan zeuden ikastaroekin ere gauza bera gertatu da: bertan behera geratu ziren martxo erdialdean. Zerbitzu horiengatik lasarteoriatarrek ordaindu dituzten tarifen zati proportzionalak bueltatzeko tramiteak hasi dituela jakinarazi du kirol zerbitzuak.

Itzulketak banku-transferentzia bidez egingo ditu. Kuoten ordainketa helbideratuta ez daukatenek, beraz, “lehenbailehen” bidali behar dizkiote udal kirol zerbitzuari xehetasun horiek, kirolak@lasarte-oria.eus helbide elektronikora. Izapide hori telematikoki egin ezin dutenek, deitu dezakete 943 36 61 82 zenbakira, goizez –09:00etatik 13:00era, astelehenetik ostiralera– edo arratsaldez –17:00etatik 19:00etara asteazkenetan–.

Ikastaroen kuota zati proportzionalak itzuliko ditu kirol zerbitzuak aurrena, eta instalazioetako abonuenak ondoren.