Kutsatu berririk gabe jarraitzen du Gipuzkoak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 26a, 13:23

PCR proben bidez sei kutsatu berri erregistratu dituzte Euskadin; guztiak Bizkaian

Osakidetzak COVID-19aren hedapenari buruzko datuen eguneraketa jakinarazi du.

Datu horien arabera, EAEn sei kutsatu berri erregistratu dituzte PCR testen bidez; guztiak Bizkaian. Horiek barne hartuta, guztira 13.484 kutsatu batu dituzte momentura arte; 2.313, Gipuzkoan; 3.000, Araban eta 7.582, Bizkaian.

Test azkarren datuen arabera, 75 baieztapen berri egin dituzte azken 24 ordutan, eta guztira, 5.985 egiaztapen batu dituzte dagoeneko.

Hortaz, orain arteko positiboen kopuru totala (PCR eta test azkarren kopurua gehituta) 19.469koa da.

Osatutako pertsonen datuak ere jakinarazi dituzte. Azken orduetan 113 pertsona sendatu dira, edo ospitaleko alta jaso dute. Osatu edo alta jaso duten pertsonen kopuru totala 17.530koa da. Sendatu ez direnak, aldiz, %2,3 dira, 434 hain zuzen. Atzo hildako bost pertsonak kontuan hartuta, guztira 1.505 pertsona hil dira koronabirusagatik (%7,7).

Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleei dagokienean, solairuko-gelatako lau ospitaleratze berri zenbatu dituzte, eta Zaintza Intentsiboko Unitatean, berriz, bost pertsona gutxiago daude; guztira 28.