Udal Musika Eskolaren inguruko hausnarketan parte hartzeko deia egin die udalak herritarrei

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 26a, 12:45
Udal Musika Eskolako musikariak, iazko Santa Zezilia eguneko emanaldian

Zer musika tresna berria jarriko zenuke Musika Eskolan? galderari erantzuteko aukera zabaldu die udalak, lasarteoriatarrei

Gogoeta bat egiten ari gara Musika Eskolaren etorkizunari buruz eta gaur egun ematen diren tresnen kopurua handitzeko beharrari buruz. Hori dela eta, Lasarte-Oriako herritarren eta elkarteen iritzia ere aztertu nahi dugu. Udalaren hausnarketan parte hartu nahi duten herritarrentzat, galdetegi bat prestatu dute, "erraz bete eta bidaltzekoa". Ekainaren 3a izango da prestatu duten galdera erantzuteko azken eguna, eta ondorengo esteka honetan egin ahalko dute interesatuek: https://forms.gle/TkW93mmiYzusPhxt5

Musikak "berebiziko garrantzia" duela azpimarratu du udalak: "Beste kultur adierazpide askorekin gertatzen den bezala, Musika gizabanakoek sentipen, ideia eta pentsamendu desberdinak adierazteko eta irudikatzeko duten modua da". Ondare kulturalari dagokionez, musikaren "edertasun eta balio estetikoa" garrantzi handikoak direla ere nabarmendu dute.

Lasaitasun mezua

Hezkuntzari dagokionean, pixkanaka "normaltasunera bueltatzea" aztertzen ari direla jakinarazi dute, "beharrezko osasun eta segurtasuneko baldintzak"  bermatuz.