Gaur zabaldu ditu ateak, berriro, liburutegiak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 26a, 12:27

Astearte honetan, maiatzaren 26an zabaldu ditu ateak liburutegiak. Udalak jakinarazi duenez, liburuak itzultzeko gune bat egokitu dute, eta, pixkanaka, itxi zutenetik bertan behera geratu ziren zerbitzuei berrekingo diete

Gaurtik, ekainaren 5era bitarte, maileguak itzultzeko epea zaldu du liburutegiak. Horrela, itxialdi aurretik etxean hartutako liburutegiko materiala itzuli beharko dute erabiltzaileek. Kultur etxeko kafetegian egokitu dute maileguen itzulerak egiteko lekua. Bestalde, liburutegiko materiala maileguan hartzeko, telefonoz deitu beharko da lehenik (943376181), edo liburutegi-sareko orriaren bidez eskatu ondoren egingo da: https://www.katalogoak.euskadi.eus  Gune hori 10:30etik 13:00etara eta 16: 00etatik 18:30era egongo da irekita. Ekainaren 8tik aurrera, berriz, zerbitzu horiez gain, pixkanaka liburutegirako sarbidea irekiko dutela ere iragarri du udalak. 

COVID19-ak eragindako osasun-larrialdi egoera honetan, hainbat higiene eta segurtasun-neurri hartu dituzte, eta egutegi mailakatu bat prestatu. Higiene-neurriei dagokienez, Manuel Lekuona Kultur Etxeko instalazioetan aretoak, altzariak eta gainazalak "zehatz-mehatz" desinfektatu eta garbitu dira, osasun-agintarien gomendioei jarraituz. Ateak irekita, egunean zehar garbiketa “ugari" egitea aurreikusi dute, baita konfinamenduan zehar maileguan egon diren materialak desinfektatzea ere, eta, horiek itzulitakoan, berrogeialdia igaroko dute apalategietara itzuli aurretik.

Beste zenbait neurri ere zehaztu dituzte, hala nola langileen banakako babesa eta sarreretan gel- hidroalkoholikoak jartzea, besteak beste.

Herritarrei gogorarazi diete "derrigorrezkoa dela" sarreran gel-hidroalkolikoarekin eskuak igurztea eta maskara jantzita eramatea.