Desfile alai eta koloretsuarekin ekin dio Kukukak aurtengo hamabostaldiari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 25a, 19:51

Antzerki eta dantza eskolako irakasleek hartu dute parte, eta musikak girotutako ibilbidea egin dute herriko auzoetan barrena

Arratsalde alaia eta koloretsua biziarazi diete Kukukako lagunek lasarteoriatarrei; aurtengo Hamabostaldiari hasiera emateko, desfile koloretsua egin dute.

Koloretako jantziak soinean, eta bizikleta gainean, herriko auzoak bisitatu dituzte antzerki eta dantza eskolako irakasleek. Arratsaldeko 16:00etan, eta bozgorailuak zeramatzan furgonetako musikak lagunduta, dantza saio ederrak egin dituzte balkoietara irten diren herrikideekin batera. 

Oriatik abiatu dira eta Zirkuitu ibilbidean barrena, Txartel egin dituzte lehen dantzaldiak. Musika entzun eta berehala irten dira leihoetara bizilagunak. Izan da dantzara edo txalo egitera animatu denik ere. Hortik, Txartel gaineko auzo ingurura gerturatu dira, eta Zirkuitu ibilbidera jaitsi dira gero. Abesti eta abesti artean, Kale Nagusira heldu, eta Ola kaletik Isla plazara. Bertan ere geldialditxoa eginez, Hamabostaldia iragartzeko abestia dantzatu dute. 

Zumaburu kaletik, Kale Nagusira hartu dute berriro ere, eta Arkupe taberna pareko biribilgunetik Goikalera igaro dira. Antxuenea plaza eta kiroldegiko plaza igaro, eta Andre Joakina Enea haurreskolako aldapatik, Zabaletara abiatu dira. Basotxo plazan elkartu dira, eta bertan aritu dira dantzan, bizilagunekin. 

Goiegiko aldapatik beheranzko bidea hartu, eta Sasoetako bizilagunena joan dira. Andatza eta Jaizkibel plazetan gorputzak astinduta, Buruntza kaletik Atsobakarreko Caddie plazan izan dira, eta handik, Iñigo de Loiola izan da hurrengo geltokia. Bertako bizilagunen leihoetako harrerarekin dantza saioa amaituta, Uistin plazara joan dira, eta horren ostean, azken geldialdia egin dute, Okendo plaza atzeko arkupeetan.  Jende ugarik egin die harrera plaza atzean, eta denak elkarrekin dantzan aritu dira, umore on eta alaiean. 

Segurtasun neurri guztiak kontutan hartuta egin dute gaur arratsaldeko ekintza; maskarak jantzita eta segurtasun distantziak mantenduz.

Aurtengo hamabostaldia, ezberdina

Koronabirusak sortutako egoerak "lekuz kanpo" harrapatu zituela azaldu du Miren Zaldua, Kukuka antzerki eta dantza eskolako kideak. Klaseak eta asteroko saioak bertan behera geratzea "oso gogorra" egin zitzaien arren, ikasleei prest zeuzkaten dantzekin eta antzerki gidoiekin jarraitzeko eskaera egin zieten.

Hasiera batean ez zuten uste hain luze joko zuekin osasun larrialdiak, baina egunak aurrera joan ahala, eta egoeraren larritasuna ikusita, ikasturtearekin aurrera egiteko "beste bide batzuk" bilatu behar izan dituzte. Ikasleekin "online" jarraitu dute harremanetan: "proposamenak bidaltzen genizkien bideo bidez eta beraiek bueltan bidaltzen zizkiguten, adibide batzuk gure facebookeko orrian zintzilikatu ditugu".

Gauzak horrela, aurtengo hamabostaldia "birtualki egitea" erabaki dute. Horretarako, irakasle bakoitzak proposamen bat bidali die ikasleei, eta ikasleek grabatutako bideotxoekin ikus-entzunezkoak grabatu dituzte, eta datozen egunetan, eskolaren web atarian (www.kukuka.eus) eta facebookeko orrialdean zintzilikatuko dituztela iragarri dute: "Egunean hiru edo lau bideotxo igoko ditugu, bi astetan zehar".

Udalari eskerrak helarazi nahi izan dizkiote, euren ekintzak aurrera eramateko jarri dituen "erraztasunengatik eta izandako eskuzabaltasunagatik".