Zer dakar bigarren faseak?

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 25a, 08:00

Normaltasun berria edo Bizi Berri izendatu duten horretara igarotzeko bide erdia egina du Euskal Autonomia Erkidegoak. 2. fasean sartu gara. Hauek dira datozen bi asteetan kontuan hartu beharreko zenbait baldintza.

Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratu zuen, Espainiako gobernuaren arauekin batera, 2. fasea egituratuko duen Lehendakariaren dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Nahiz eta muga batzuk mantendu, mugikortasun askatasuna handiagotzea dakar epe berriak. Gutxienez, bi astez luzatuko da, ekainaren 7a arte; eta ondoren, orain arteko joerari eutsiz gero, azken fasea helduko da. 

Atalez ataleko baldintzetan sartu aurretik, kontuan hartu beharreko zenbait:

  • Orain arte bezala, lurralde historikoa da muga. 
  • Taldeen muga 15 lagun dira.
  • Maskara derrigorrezkoa da 2 metroko segurtasun distantzia gorde ezin denean.
  • Segurtasun eta higiene neurriak mantendu behar dira. Eskuak maiz garbitu eta sarri ukitzen diren gainazalak ez ukitzea. 
  • Erantzukizunez jokatu eta babes neurriak bete. Kontu berezia izan talde zaurgarriekin: adinekoak, haurdun dauden emakumeak eta aurretik gaixotasun kronikoak dituztenak.

ORDUTEGIAK

  • Orain arte indarrean zeuden ordu tarteak ezabatu dituzte. 
  •  70 urtetik gorakoek eta arrisku taldeek lehentasuna izango dute 10:00-12:00 eta 19:00-20:00 artean. Gainerako herritarrei eskatu diete ahal duten heinean tarte horietan ez irteteko, pilaketak ekiditeko. Hala ere, edonor edonoiz irten daiteke kalera
  • Haurrek ez dute kalean egoteko denbora mugarik. 

BILERAK

  • 15 lagun arteko bilerak egin daitezke etxebizitzetan, lokal pribatuetan edo erabilera publikoko guneetan.

BISITAK

  • Bisita egin ahalko zaie zahar etxetako, elbarritasuna duten egoitza zentroetako eta tutoretzapeko etxebizitzetako egoiliarrei. Halaber, eurek ere kalera irteteko aukera izango dute zehaztutako araudiaren arabera.

OSTALARITZA

  • Taberna eta jatetxeek barrualdean zerbitzua eman dezakete. Kontsumitzaileak eserita egon behar dira eta 2 metroko tartea gorde behar da mahai edo mahai multzoen artean. 
  • Bai barrualdean bai terrazan, edukiera erdia bete dezakete.
  • Txokoak edo gastronomia elkarteak zabal daitezke, % 50eko edukiera arte.
  • Taldeak 15 lagun artekoak izan daitezke.
  • Diskotekek eta gaueko aisialdi tabernek itxita jarraituko dute.

MERKATARITZA

  • Merkataritza guneak zabal daitezke: Gune komunetan %30 edukiera arte eta denda barruetan % 40. Haurrentzako jolas guneak eta atseden guneak itxita. Ezin da gune komunetan geldi egon.
  • Saltoki txikiek ordutegi berezia mantendu behar dute 65 urtetik gorakoentzat.
  • Azokak egin daitezke orain arteko segurtasun neurriekin eta udalek ezarritako mugekin.  

TURISMOA

  • Turismo aktiboa eta natura jarduerak (mendi ibilaldiak eta antzekoak) askatasunez egin daitezke, 20 lagun arteko taldeetan. Ahal dela aurrez hitzordua eginda.
  • Hotel eta alojamenduetak gune komunak erabil daitezke, edukiera eta segurtasun mugekin.

ELIZKIZUNAK

  • Mezak % 50eko edukiera arte eta 1. faseko neurriekin: maskara gomendagarria, segurtasun tartea gordetzea, lokala desinfektatzea.

EZKONTZAK

  •  100 lagun arte atari zabalean. 50 lagun leku itxietan.

BEILA

  • 25 lagun atari zabalean. 15 lagun leku itxietan. 

HEZKUNTZA

  • DBH 4, Batxilergo eta Lanbide Heziketako zentroak ireki daitezke. 
  • Hizkuntza eskolak, akademiak eta autoeskolak lanera buelta daitezke.
  • Heren bateko edukiera eta online formakuntza lehenetsi.
  • Ekaineko lehen astean, gainerako ziklo eta mailetako irakasleak eta irakasle ez diren langileak berriro lanean hastea xedatzen da, ikastetxeetan hezkuntza-jarduera egiteko.

KULTUR AZPIEGITURAK     

  • Museoak. Edukieraren %50 arte segurtasun baldintzak bermatzen badira eta garbiketa lanek ondarea kaltetzeko arriskurik ez bada. Ukitzeko materiala debekatuta dago (audiogidak edo eskuorriak)
  • Liburutegiak. Bilduma guneak itxita egongo dira eta irakurketa lekuak, ordenagailuak eta katalogoak garbitu egin beharko dira erabili ondoren. Edukiera % 30ekoa da.
  • Monumentuak. Bisitak banaka edo etxe berean bizi diren pertsonekin egingo dira. 
  • Erlijio guneak. Jarraitu beharreko ibilbide bat marraztu beharko da bisita egiteko.
  • Zinema areto, antzoki nahiz auditoriak. Ireki daitezke, eserlekuak aurrez zehaztuta. Heren bateko edukiera, gehienez, 50 pertsona leku itxian eta 400 atari zabalean, eserita. 

KIROLA

  • Profesionalak ez diren kirolariek klubaren azpiegiturak erabiltzea izango dute, baina lan saioak banaka egingo dituzte.
  • Estalita dauden kirol azpiegiturak ireki ahal izango da, % 30eko edukierarekin. Goi mailako kirolariek, profesionalek eta federatuek erabili ahal izango dituzte, aurretik hitzordua eginda. Aldagelak erabilgarri izango dira. 
  • Igerilekuak. Atari zabalekoak nahiz estalitakok zabal daitezke, % 30eko edukierarekin; segurtasun distantzia mantentzerik ez bada, edukiera txikitu beharko dute. Aurrez hitzordua eskatu behar da eta federatutako kirolariek lehentasuna dute. Aldagelak erabilgarri izango dira. 

HONDARTZAK

  • Hondarretan bi metroko segurtasun distantzia mantendu beharko da toallen artean, etxe berean bizi direnen artean eta hamabost pertsona baino gutxiagoko taldeen kasuan izan ezik. 
  • Dutxak eta aldagelak banaka erabili ahal izango dira.
  • Kirol eta aisialdi jarduerak baimenduta egongo dira segurtasun tartea mantentzen bada.
  • Edonork bainua edo eguzkia har dezake.