Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak ezagutzera eman duenez, bederatzi kutsatu atzeman zituzten atzo PCR proben bidez. Gaurko datu bilketaren arabera, beste behin, Gipuzkoan ez dute baieztapen berririk egin, bai, ordea, Araba eta Bizkaian, bi eta zazpi, hurrenez hurren. Test azkarren bidez, berriz, 10 kasu egiaztatu zituzten. Proba honek pertsona batek sortutako antigorputzak neurtzen ditu eta iraganeko infekzio bat adieraz dezake, alegia, kutsatua izan dela eta gainditu duela. Horiek atzo egindako 2.074 proben emaitza dira, 1.914 PCR eta 160 test azkar.
Beste datu pozgarri bat, atzo, kutsatutakoen artean hildakorik egon ez zela da. Orain arte, 1.494 pertsona hil dira, eta 33 lagun daude EAEko ospitaleetako Zaintza Intentsiboko Unitateetan. Osatutakoak edo alta jaso dutenak, berriz, 17.394 dira, kutsatu guztien (19.386) % 89,7.