Hamahiru kutsatu berri daude erkidegoan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 22a, 13:56

Ostegunean ezagutarazitako kasuetako bat ere ez dute Gipuzkoan atzeman. PCR eta test azkarren bidez lortutako emaitzen arabera, orain arte, 19.254 lagun kutsatu ditu koronabirusak Euskal Autonomia Erkidegoan.

Espainiako gobernuak itxialdia arintzeko 2. fasera pasako den jakinarazteko orduak falta direla, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak COVID-19aren egoera epidemiologikoari buruzko datuak jakinarazi ditu. 

Euskal Autonomia Erkidegoan hamahiru kutsatu berri erregistratu zituzten atzo PCR proben bidez. Horietako bat ere ez dute Gipuzkoan atzeman, Araban, berriz, lau; eta Bizkaian, zortzi. Falta dena erkidegotik kanpo bizi den herritar bat da. Horiek batuta, orain arte, 13.454 lagun kutsatu ditu koronabirusak, lurraldeka honela banatuta: 2.313, Gipuzkoan; 2.994, Araban eta 7.558, Bizkaian. 

Test azkarren bidez, berriz, 104 baieztapen berri egin zituzten. Testak antigorputzak atzematen ditu, alegia, infekzioa izan dela adierazten dute. Bi proba motek izandako emaitzak batuta, guztira, COVID-1ak 19.254 lagun eragin ditu hilabeteotan. 

Haien egoerari erreparatuta, atzo, kutsatutako lau lagun hil ziren. Horiek batuta, 1.487 (% 7,7) dira koronabirusaren ondorioz hildakoak. Osatu direnak edo alta jaso dutenak, berriz, 17.098 (% 88,8) dira. Gainerakoak, 669 pertsona (%3,5), oraindik ez dira sendatu. Osatze bidean daudenetako 36 EAEko ospitaletako Zaintza Intentsiboko Unitatean daude.