Txarrenetik "onik" atera da Atsobakar

Maitane Aldanondo 2020ko mai. 22a, 12:00

Koronabirusek nor kutsatu aukeratzen ez badute ere, adinekoak izaten dira halakoen aurrean zaurgarrienak. Atsobakar zahar etxean hiru kasu izan dituzte langileen artean, baina egoiliarrik ez du eragin COVID-19ak. Etor zitekeenerako prest, egoerari nola aurre egin dioten kontatu dio TXINTXARRI-ri bertako zuzendari Inmaculada Concepción Lorak.

Zurrunbiloraren erdian izan dira zahar etxeak azken asteotan. Albiste txarren protagonista izan dira hainbat, baita kezka askoren iturburu, koronabirusak gehien bat adinekoak eragin eta kolpatu baititu. Egun zailak bizi izan dituzte Atsobakarren, baina ez dute krisiaren alde ilunena ezagutu. Hasieran hiru positibo izan zituzten langileen artean, baina neurriak hartu, mugak ezarri, eta berririk gabe gainditu dute egoera. Pandemiaren lantzena igarota, testuinguru berri honetan pixkanaka egunerokora bueltatzen ari dira. Hala ere, oraindik ateak itxita dituzte, ezin da eguneko zentroa baliatu ezta egoiliarrei bisita egin ere. Ondo bidean, astelehenean helduko den bigarren fasearekin mugak arinduko dituzte, eta eten luzearen ondoren, aurrez aurre, hezur-mamitan, berriro senideek elkartzeko aukera izango dute, maskara, eskularru eta hidrogelekin bada ere.

Martxo erdialdetik egoitza barruan egoera nolakoa izan den azaltzeko, Atsobakar egoitzako zuzendari Inmaculada Concepción Lorarekin harremanetan jarri da TXINTXARRI. Arduraduna izateaz gain, lantaldeko erizaina ere bada. Aurretik halako epidemiarik bizi izan ez badu ere, "pixka bat prestatuta" bazegoen, lan asko egina baita epidemiologian, infekzioa dutenekin. Horregatik, ahal izan duen heinean, eskarmentu hori baliatu du, besteak beste, langileak prestatzeko eta formakuntza emateko. "Norbera babesteko ekipamendua (NBE) nola jarri irakatsi eta etor zitekeenerako prestatu ditut, zer gerta zitekeen, zeri aurre egin geniezaiokeen... Guardia inoiz jaitsi ez zezaten ahalegindu naiz, oinarrizko neurriak behin eta berriro azpimarratuta: Higienea, segurtasun tartea,  eskuak garbitzea, maskara ondo jarrita eramatea...". Ildo beretik, protokoloak eguneratu ahala zabaldu ditu eta ahalegindu da lantaldeak horiek ezagutzen eta kontuan hartzen. 

Administrazio publikoek neurriak hartu aurretik, Atsobakar kudeatzen duen DomusVi enpresaren jarraibideak ezarri zituzten –egoitzaren jabea Gipuzkoako Foru Aldundia da–. "Lehen unetik gerta zitekeenaren berri eman digute eta argi dago ez zeudela oker", gogoratu du Lorak. Enpresak gestionatzen dituen beste egoitza batzuen erreferentzia izan dute beraien jarduna erabakitzeko, izan ere, haietako batzuetan egoiliarrak kutsatu baititu COVID-19ak. "Batzuetan ‘mamorroa’ sartu da eta haiek egindakoa kontatu ziguten, guk zer egin behar ez genuen jakiteko, hori ekiditeko. Taldean elkarri babesa eman diogu eta onik atera gara".

Sustorik ez zaie falta izan, hala ere. Pandemiaren hasieran, hiru kutsatu izan zituzten langileen artean. Sukarra zutela esanez deitu ziotela gogoratu du zuzendariak eta bere erabakia argia izan zela: "Zure etxean geldituko zara". Hala, koronabirusaren "sintoma oso agerikoak" izan aurretik, etxean isolatu zituzten eta gerora, positibo eman zuten proban. Gertakari horren ondorengo bi asteetan "tentsioan" egon zirela onartu du Lorak, horiek igarota, ordea, egoera lasaitu egin zen. Langileei nahiz egoiliarrei egindako test guztiak negatiboak izan dira, eta oporrak ordezkatzeko hartu dituzten langile guztiei egin diete proba. 

Lau egoitza, bakarrean

Emaitza baikor horretan, hein batean, Atsobakar zentro txikia izateak eragin du. Guztira 56 erabiltzaile dituzte eta 90 bat laguneko lantaldea; eguneko zentroan 25 pertsonentzako tokia dute, baina denek zortzi aste daramatzate etxean. Tamainak zeresanik izan badezake ere, antolakuntzan egindako aldaketak erabakigarriak izan dira. 

Hiru langile kutsatu  zituen covid-19ak pandemiaren hasieran. gerora ez da kasurik izan

Martxoaren 13an bertan behera utzi zituzten bisitak eta biharamunean ateak itxi zituen eguneko zentroak. Egoeraren berri emateko familiekin elkartu zen zuzendaria eta e-postaz jakinarazi zien ezingo zituztela egoiliarrak ikusi. “Familiek beldurra zuten ezin zutelako etorri”, gogoratu du Lorak. Hutsunea bete eta harremana ez galdetzeko, bisitak bideo deiekin trukatu dituzte asteotan.

Egoera kontrolpean izateko,  eraikina lau modulutan banatu zuten eta zentro txikiak balira bezala funtzionatu dute. Bakoitzean teknikari bat –fisioterapeuta, okupazio terapeuta, psikologoa eta gizarte langilea– eta langile talde bat egon dira. Hala, ez langileek ezta erabiltzaileek ere  ezin izan dute zonalde batetik bestera pasa; kutsaturen bat balego, harekin harremana egondakoak identifikatuta izateko. Teknikari bakoitzak hartu du bere moduluko ardura, segimendu deiak egin, formakuntza eman eta oinarrizko neurriak betearaziz.

Era berean, talde jarduerak murrizten joan ziren, lehenik, modulu bakoitzaren barruan eta talde txikiagoetan eginda, eta ondoren, erabat baztertuta, egoiliarrak euren geletan isolatzeko erabakia hartu behar izan baitzuten. Egunaren gehiena bertan igaro dute, otorduak ere gelan egin dituzte jangelak itxi zituztenetik. Irteteko aukera izan dute, "modu ordenatuan", eta erabiltzaile autonomoek paseora irten ahal izan dute ibilbide mugatuagoan eta higiene neurriak jarraituta.   Horrez gain, aldiro azpiegitura osoa desinfektatu dute. Lehenengo DomusVik kontratatutako enpresa batek garbitu zuen , eta hortik aurrera, astean behin suhiltzaileek barruko zonalde komunak, korridore eta jangelak desinfektatu dituzte; kanpoaldea eta barruko patioa, berriz, udalak ostiralero bidaltzen duen langile baten ardura izan da. 

Unean uneko egoera azaldu

Orain arteko antolakuntza mantentzen dute eta oraindik ez dituzte jangelak erabiltzen, baina joan den astean talde ekimenak berreskuratzeari ekin zioten, beti ere, bost lagun baino gutxiago elkartuta eta segurtasun tartea gordeta. Lorategira ateratzen dira eta erabiltzaileekin banaka paseatzen dute. "Jainkoari eskerrak lorategi handia dugu!", aitortu du Lorak.

Norbera bere gelan egon badira ere, jarduerak egiten jarraitu dute, hala nola, egunkaria irakurri diete korridoretik edo bingoan aritu dira. Ordu luzeak arintzeko ere familia askok telebista ekarri diote ahaideari, desinfektatu ondoren erabili ahal izan dutena. Era berean, tabakoa edo bestelakorik nahi zutenei langileek beraiek erosi, garbitu eta eman egin diete. 

Egoerak egoera, Loraren iritziz, erabiltzaileek "ez dute horren gaizki pasatu" nahiz eta "estutasun uneren bat izan zen, ezin zutelako irten". Hori  bereziki autonomoak direnen kasua izan da, erosketaren bat edo beste egitera irteten zirenak,  aukera mugatu egin baitzieten. Psikologoak hartu du eremu hori, zuzendariak argitu duenez, "beharrezkoa ikusten genuen independenteak direnei egoera azaltzea". Uneoro gertatzen ari zena kontatu diete “gezurrik esan gabe” eta hainbat erabakiren berri emanda, “testa egingo geniela, lantaldeari egin diogula, emaitzak...”.

"Langileak kasu txarrenean jarri ditut, batez ere, beti erne ibil daitezen"

Langileek, berriz, "antsietate handiarekin" bizi izan dutela dio arduradunak. "Sukarra dut, sukarrik ez dut... ibili dira". Egoiliarrekin bezala, beti egia esatea erabaki du, zeri aurre egin ziezaioketen argi izan zezaten. "Kasu txarrenean jarri ditut, batez ere, beti erne ibil daitezen. Beraiekin elkartu naiz, zalantzak bazituzten bulegora etorri dira...". Hasieran "beldurra" zuten, baina gutxika kontzientzia hartzen joan dira. "Jabetu dira eurak direla ‘mamorroa’ ekar dezaketenak. Erabiltzaile guztiak negatiboak badira, ‘zomorroa’ kanpoan dago; eta eurak dira kalean beraien burua zaindu behar dutenak hura hona ez ekartzeko".

Lasarteoriatarren laguntza

Aste zail hauetan material falta  gainditu beharreko beste oztopo bat izan da. Horri aurre egiteko jaso duten herritarren babesa eskertu nahi izan du zuzendariak. Hasierako zoramenean babes baliabideen falta orokorra izan zen. Enpresak hornitu zituen erositako zenbait materialekin eta Aldundiak ere  aldian-aldian behar izan dutena helarazi die. "Ez dugu nahiko genukeen adina izan, baina ez gara inoiz babesik gabe egon", zehaztu du Lorak.

Egoera horretan, Texas Lasartearra kirol taldeko  presidente Haritz Hernandez  beraiekin harremanetan jarri zen apiril hasieran zer behar zuten galdetzeko. "Oinarrizkoa eskatu egin genien: maskarak, mantalak,  hidrogelak, infragorri termometroak... Nik bat lortu nuen denda batean eta beraiek beste lau bidali dizkigute. Bestelako hornitzaile batzuen bidez lortu dituzte. Eskertzekoa da materiala". Guztira, 200 maskara, 20 litro gel hidroalkoholiko, 20 segurtasun pantaila, 40 mantala eta aipatu termometro horiek helarazi zizkieten.

Kirol taldea ez da lagundu nahi izan duen bakarra izan. Lasarte-Oriako Elkartasun Puntadak ekimeneko boluntarioek beraiek egindako maskarak  jarri dituzte langileen eskura.

Osasuna zaintzeko balio ez badute ere indarberritzeko lagungarriak diren bestelakoak ere heldu dira Atsobakarreko atarira asteotan. Bonboi kaxak, eskertza mezuak..."Lasarte-Oriako herria oso ondo portatu da gurekin. Ez dut hitzik eskertzeko. Pozik gaude".

Erlazionatuak