Gure irakurleek informazioa eskatu digute, eta, ahal izan dugun heinean, eman diegu, ahalik eta egokien eta azkarren, egoera honek hala behartuta. Era berean, euren etxeetan egon bitartean, eskaini dizkiegu aisialdiarekin zerikusia duten eduki ugari ere: errezetak, bideo tutorialak, Ttakun KEko lankideekin koordinatutako Haurraren Eguna eta beste hainbat. Aurre egin diogu erronkari, zailtasunak zailtasun, guretzat ere ez baita erraza izaten ari errealitate eta lan egiteko modu honetara egokitzea, ohitzea eta doitzea.
Datuak eta aurreikuspenak
Paradoxa honen ertzetako bat: gure atari digitalak, txintxarri.eus-ek, inoizko datu onenak erdietsi ditu martxoan eta apirilean: inoiz baino erabiltzaile gehiagok nabigatu dute gure edukietan, inoiz baino saio gehiago hasiz, eta inoiz baino gehiago bisitatuz webgunea. 2020ko martxoko datu batzuk: 40.897 bisita –iazko martxoan baino %70 gehiago–; 8.102 erabitzaile –bikoitza baino gehiago–; eta 16.969 saio –%115,37 gehiago–. Apirileko datuak ikaragarri onak izan dira baita ere: 40.944 bisita, 7.853 erabiltzaile eta 17.097 saio. Mila esker denoi!
Txintxarri-k tokiko hedabideen joerarekin bat egin du, trafiko igoeraren olatua hartuz. Tokikomek plazaratutako datuen arabera, bazkide direnen Interneteko kontsumoa %97 hazi da 2019ko apiriletik aurtengora, eta %62 osasun krisi hau hasi zenetik. Orain arte egindako lanaren adierazgarri argia.
Paradoxa honen beste ertza, alde laiotza: Alarma Egoeraren eraginez, tokiko hedabideon fakturazioa %72 jaitsiko dela aurreikusten du Tokikomek: 2.500.000 euro inguruko galera abuzturako. Enpresa eta saltoki txiki gehienek nahi eta nahi ez eten behar izan dute euren jarduera, gure diru-sarrera komertzialak erasanez: bat-bateko murrizketa bat ekarri du horrek, Txintxarri-ren proiektuari ere eragingo diona. Dena den, hasi gara alternatibak bilatzen, egoera berrira moldatzen saiatzen, ataka zail honetan guztiok batera aurrera egingo dugulako, beste hainbatetan egin izan dugun bezala.