Ostadar Inklusio taldeko kirolari eta prestatzaileak "pena" dute kirol jarduna eten izanagatik.
Lehiaketetan parte hartzen duten kirolariak Espainiako txapelketak prestatzen ari ziren itxialdia ezarri zenean. Kirolariak ederki ari ziren entrenatzen eta prestatzaile taldeak aurreko denboraldiko emaitzak errepikatzea zuen buruan, baina usteak erdia ustel. Larrialdi egoerak guztia hanka gora jarri baitzion kirol taldeari.
“Guretzat oso txarra izan zen itxialdia ezartzea. Denboraldi amaieran geneuzkan Espainiako atletismoko, Bocciako eta Slalomeko txapelketak. Txapelketa hauetan parte ezin hartzeak golpe handia izan zen guretzat, baina batez ere kirolarientzat. Denboraldi guztia entrenatzen pasa dute txapelketak prestatzen eta ezin lehiatzea oso gogorra da,” azaldu du Jurgi Olasagasti taldeko arduradunak.
Saskibaloi topaketa, gurpildun aulkiko saskibaloiko Gasteizko txapelketa, bela jardunaldia, atletismoko lasterketa herrikoietako parte-hartzeak, pala topaketak…Gainerako kirolariek ere ezin izan dituzte denboraldi amaieran antolatzen diren jarduera ezberdinak gozatu eta esperientzia hauek ezin aurrera eramatea “pena handia” dela nabarmendu du prestatzaileak.
Egoera ekonomikoa
Gainera, etorkizuna ere ez da argia. Zalantza ugari daude airean eta arlo ekonomikoa da taldeari gehien kezkatzen diona.
Ostadar Inklusio taldeak bere jarduna aurrera eraman ahal izateko hainbat enpresa pribaturen babesa jasotzen du eta gaur egun bizi dugun egoerak enpresengan izan duen kalteak taldeari eragingo dionaren susmoa dute.
Materialak, zein lehiaketetarako joan-etorriak - Kirol egokituko lehiaketak Euskadi eta estatu mailan antolatzen dira- kirol egokitua kirol “normala baino garestiagoa da eta babesle pribatuen laguntza behar izaten dugu”.
Diru iturriak galtzea kirolarien garapenean eta taldearen jardunean eragin zuzena izango duela argi dute. “Kirolari oso onak ditugu taldean. Aurreko denboraldian Espainiako errekorrak egin zituzten, infantilak izanik Espainiako selekzio absolutuarekin ibili direnak ditugu… eta lehiaketetan parte ezin hartzeak beraien kirol ibilbidean harri handia suposatuko du”.
Hala ere, txapelketetan” ahalik eta egoera hoberenean” parte hartzen saiatuko direla jakitera eman dute, baita urritasuna duten gazteentzat jarduera fisikoa egiteko aukerak lantzen jarraituko dutela ere. “Denboraldian zein jarduera burutu ahal izango dugun lehenetsi beharko dugu,” onartu du Olasagastik.
Argi duten bakarra hurrengo denboraldiari begira, neurrien arabera moldatu beharko direla da. “Ikusi beharko da zer den araudiak uzten duena. Ez dakigu lehiak noiz izango diren, jarduerak nola planteatu daitezkeen, entrenamenduak nola izango diren… Egokitzen joan beharko dugu”.
Entrenamenduak itxialdian
Egokitzapenaren harira, Ostadar inklusio taldeko kideak itxialdian nola moldatu diren ere azaldu digu taldeko prestatzaileak.
Kirol disziplina ugariz osatutako taldea da Ostadar Inklusioa eta kirolari bakoitzak gainera bere ezaugarriak ditu. Beraz, langintza pertsonalizatua egin diete entrenatzaileek kirolari bakoitzari eta helburuaren arabera, itxialdian zehar, moldatzen joan dira. “Entrenatzaileek kirolari ezberdinen “etxeko lanak” planteatzen zituzten bakoitzak bere etxean egiteko. Helburua harremana lantzen jarraitzea zen eta ahal den neurrian jarduera fisikoa egitea gaitasunak lantzen jarraitzeko ahal den moduan,” azaldu du Olasagastik.
Izan ere, kirolari eta entrenatzaileen arteko distantzia zailtasun handia baita. “Distantzia batean kirolariak etxean jarduera fisikoa egitea zaila da. Pertsonen gainean egon behar izaten da eta etxean bakoitza bakarrik lan egitea ez da oso motibagarria”.
Hori dela eta, kirolarien arteko harremanak mantendu eta taldea sendotzeko astean behin, entrenamendu egunekin bat eginez, taldeko bideo deia ere egiten dute. Bertan kirolariak eta entrenatzaileak biltzen direla zehaztu du Ostadar Inklusioa taldeko arduradunak. “Oso garrantzitsua da talde izaera mantentzea eta horregatik helburu hori mantentzeko astean entrenamendu egunarekin bat eginez, taldeko bideo deia egin dugu.”
Zalantzaz beteriko etorkizunari aurre egin eta urritasuna gazte jarduera fisikoa egin ahal izateko aukerak lantzen jarraituko du Ostadar SKTk eta gizarteak ere bere harritxoa jartzea espero du taldeak. “Herriko kaleak jende askoz bete ziren kirola egiteko aukera izan genuenean. Jarrai dezagun pertsona guztientzat jarduera fisikoa egin ahal izateko aukerak lantzen,” adierazi dute.
Horregatik, Lasarte-Oriako herritarrei kirol egokituan parte hartu nahi badute Ostadar Inklusioarekin harremanetan jarri daitezkeela gogoratu dute.
Era berean, egoera honen aurrean herritarrei animoak eman nahi dizkiete. “Inguruan izango dira familia zein ezagunak gaixotasun honek kalte handiak eragin dizkienak. Bizitza aurrera doa eta osasuna zaindu beharra dago”.