Bagara batzuk bizitzari asko samar eskatzen diogunak. Ez gara errenditzen gauzak “normal” joatearekin, zukua nahi dugu, emozioak, instante kilikagarriak. Izateko modu bat da, Eneagrama edo nortasun ezberdinen sailkapen ereduan zazpigarren zenbakia, su artifizialak, kolorea, festa behar dituen horietakoa. Gabezia asko ditu izateko era horrek, azalekotasuna nabarmenena.

Ditxosozko COVID19 honekin ordea, Eneagramako zenbaki guztiok egin dugu hausnarketa, seguru, eta bakoitzak aterako zituen honezkero bere ondorioak. Nireak garbiak dira: etxekoon oreka lehengo normaltasunak arautzen zuen, hau da, aste barruan bakoitza berean egoteak, dela ikasketatan, dela lanean. Bi-hiru hilabetez ordea eskema hori hankaz gora jarri du konfinamenduak. Denok etxean batean egotea gauza handia izan da eta tentsio bidea ere bai, haurren adina aintzat hartuta. Etxea atsegin edukitzearen balioa, sukaldean inbertitutako denboraren gozamena, ariketa nekez egin ahal izanaren pisua, familiko hitzorduak atzeratu beharra, lagunekin bideo-deien bitartez bakarrik hitzegitearen estutasuna… Estimatzen ez genuen normaltasunaren oroimina, azken batean. Joan dira, ustez, asterik gogorrenak eta ba omen dator “normaltasun berria”. 

Kosta behar zaigu ederki betidanik izan ditugun eta barruan errotuta dauden ohitura eta jokaera batzuei eustea, hurbilenekoei bostekoa, besarkada, emateari muzin egitea. Ikusmina dut galanta. Aste gutxiren buruan jakingo dugu adituek eta agintariek ezarriko duten kode berria zertan gorpuztuko den eta jakinmina dut ikusteko hain kaleko, hain tabernako, hain terrazatako den gure gizarteak nola kudeatuko duen egoera hori. Gure aurretik asko dira gerratatik atera diren arbasoak, hau izan da gure bizitzatako nolabaiteko gerra eta aterako gara, zauri batzuekin, hori bai.