Bi tailer antolatu ditu Gazteklubak ostiral eta larunbaterako

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 21a, 15:00

Denbora-pasen tailerrean parte hartzeko aukera izango dute gazteek, ostiralean eta larunbatean, berriz, eskulanetan arituko dira

Asmakizunak, txisteak, hieroglifikoak eta buruhausteak prestatu dituzte antolatzaileek ostiral arratsaldea animatzeko. Arratsaldeko 18:00etan izango da denbora-pasen hitzordua, eta orain arteko tailerretan bezala, bideo-deien bidez parte hartu ahal izango da.

Adinka banatu dituzte saioa eta baita bideo-deiak egiteko plataformako helbideak ere. LH3 eta LH4ko gaztetxoek  https://meet.jit.si/GazteKlubaLH3-4 helbidea erabiliko dute.  Saioan parte hartzeko papera, errotulagailuak edo margoak eta arkatza eskura izatea gomendatu dute antolatzaileek. 

LH5 eta LH6koek, berriz,  https://meet.jit.si/GazteKlubaLH5-6 helbidea erabiliko dute, eta bertan parte hartu nahi duten gazteek, hainbat material izan beharko dituzte prest: papera, errotulagailuak edo margoak eta arkatza.

Larunbat goizean, eskulanak

Asteburuan, eskulanetan aritzeko tailerra antolatu du Ttakun Kultur Elkarteak. 11:00etan izango da hitzordua, eta eskulan ezberdinak egingo dituztela iragarri dute antolatzaileek. 

Saio horretan LH3, LH4, LH5 eta LH6ko gazteek parte hartuko dute, kasu horretan guztiak batera. Horretarako https://meet.jit.si/GazteKlubaEskulanak helbidea sortu dute, eta prest eduki beharreko materiala ere zehaztu dute: koloretako orriak, guraizeak eta haria (ahal bada josteko fina baino lodixeagoa) eta jostorratza (haria kabitzeko modukoa).

Larunbateko tailer horrean parte hartzeko izen ematea nahitaezkoa ez den arren, parte-hartzea abisatzea eskatu dute antolatzaileek.