Kirola Lasarte-Orian

LOKEko Tenis atala, arintze egoeraren garapenaren zain

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 21a, 12:00
Eskolarteko txapelketako artxiboko irudia.

Eskolarteko bakarkako txapelketa prestatzen ari ziren LOKEko tenis-jokalariak itxialdia ezarri zenean. Alebin mailako neskak Gipuzkoako Txapeldun izendatu berri ziren eta denboraldi amaiera ederra espero zuten. Egun txapelketa eta ikastaro guztiak etenda daude eta eskolarteko mailakoak bertan behera geratu dira. Mariasun Yurrita LOKEko tenis ataleko arduradunarekin solastu gara atalaren berri izateko

"Ziurgabetasun handia". LOKEko tenis arduradun Mariasun Yurritak argi du, hori baitaLOKE Tenis atalak hilabete hauetan bizi izan duena. “Ez dakigu zenbat iraungo duen egoera honek. Ez dakigu noiz hasiko garen lanean, ez dakigu noiz hasiko diren txapelketak…,” aipatu du Yurritak.

Eskolarteko gaztetxoekin lan egin ohi du tenis prestatzaileak. Txapelketak bertan behera geratu dira eta denboraldiko laburpen txikia egin du prestatzaileak. Eskolarteko txapelketetan emaitza ederrak izaten ari ziren, batez ere, alebin mailan. Nesken taldea Gipuzkoako txapeldun izendatu berri zen. “Oso ondo gindoazen,” aipatu du Mariasun Yurrita LOKEko tenis arduradunak.

Eskolarteko mailako kirola izanik, errendimendua ez da helburu. Horregatik, itxialdian “ariketa puntualik” ez diela ezarri jakitera eman du. “Euren adinekin nahikoa dute ikastolako on line klaseak egitea”, zehaztu du prestatzaileak.

Hala ere gomendio batzuk egin dizkie gaztetxoei, “paseatzera irtetea, arnasa sakon hartzera, eta batez ere disfrutatzea!”

Egoeraren bilakaeraren zain, eskolarteko mailako hurrengo denboraldia prestatzen hasi da eta egoerak ahalbideratzen badu, irailean hastea espero du tenis ataleko arduradunak.

Kirol guneen irekieraren zain

Honez gain, Xabier Gonzalez Oroimenezko txapelketaren antolatzaile ere bada LOKE Tenis atala. Eta itxialdia ezarri zenean, Oroimenezkoaren hirugarren edizioa azken txanpara iristen ari zen.

Urtarrilean hasi zen lehiaketa. Gipuzkoa osoko 64 jokalarik osatutako koadroa izan eta partidaz partida aurrera egin dute final laurdenak arte.

Orain, txapelketa etenda dago eta Michelingo kirol gunearen irekieraren zain daude antolatzaileak. Izan ere, “Michelingo kirol gunea irekitzen dutenean” txapelketari amaiera emateko asmoa baitute. Konfinamendu arintzearekin batera, Euskadiko tenis elkarte pribatuak irekitzen hasi dira. “Bakarkakoa jokatu ahal izateko bakarrik, Oraingoz binakakoak debekatuta daude,” azaldu du Yurritak.

Hori dela eta, itxaropentsu daude, baina zuhurtziaz jokatu behar dela argi dute. Horregatik, “tenisean bezala, pixkanaka pixkanaka, puntuaz irabazi eta pazientziarekin” egoerari aurre egin behar zaiola nabarmendu du LOKE Tenis ataleko arduradunak.

Eta herritarrei mezu bat helarazi nahi izan die: “Egoera hau hain da konplexua... baina hau ere pasako da, hemendik aterako gara. Batail hau irabaziko dugu”.