Egunero bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Koronabirusaren hedapenari buruzko datuen eguneraketa egin du.
Datu horien arabera, EAEn 26 kutsatu berri erregistratu dituzte; bakar bat, Gipuzkoan; hamabi, Bizkaian eta hamahiru, Araban. Horiek barne hartuta, guztira 13.435 kutsatu batu dituzte momentura arte; 2.313, Gipuzkoan; 2.988, Araban eta 7.543, Bizkaian.
Test azkarren datuen arabera, 112 baieztapen berri egin dituzte azken 24 ordutan, eta guztira, 5.582 egiaztapen batu dituzte.
Osatutako pertsonen datuak ere jakinarazi dituzte. Azken orduetan 301 pertsona sendatu dira, edo ospitaleko alta jaso dute. Osatu edo alta jaso duten pertsonen kopuru totala 16.688koa da. Sendatu ez direnak, aldiz, %4,4 dira, 849 hain zuzen. Atzo hildako hamar pertsonak kontuan hartuta, guztira 1.480 pertsona hil dira koronabirusagatik (%7,8).
Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleei dagokienean, atzo baieztatutako 26 PCR kasuetatik hiru solairuko gelatan ospitaleratu dituzte, eta Zaintza Intentsiboko Unitatean, berriz, 41 lagun daude; atzo baino lau pertsona gutxiago.