Igandeko datuak izateak eragina izango zuen ziur asko, baina martxoaren 4tik hona erregistratu den kutsatu berrien datu apalenaren berri eman du Osasun Sailak: zortzi positibo baieztatu dituzte EAEko hiru lurralde historikoetan, PCR proba bidez –detektatzen du pertsona batek birusa ote daukan bere gorputzean–; Gipuzkoan, bakar bat ere ez, iturri ofizialen arabera. Test azkarren bidez –iraganeko infekzio bat atzeman dezake, hartutako immunitatea eta antigorputzak neurtuz–, berriz, hamabi kasu egiaztatu dituzte azken 24 orduetan.
Guztira 18.799 kasu positibo baieztatu dituzte, neurketak egiten hasi zirenetik. Horietatk 16.203 sendatu egin dira honezkero, eta 1.467, hil. Beste 1.129 pertsona dira Covid-19a daukatenak oraindik, eta sendatzeko ahaleginetan ari direnak.
Iturri ofizialen arabera, beraz, ez dute kasu berririk atzeman Gipuzkoan. Horrek esan nahi du Lasarte-Orian eta Beterri-Buruntzan ere ez dutela positibo berririk egiaztatu azken 24 orduetan. Datuak eskaintzeko modua aldatzen ari da Osasun Saila azken egunetan, eta dagoeneko ez ditu datu metatuak herriz herri eta eskualdeka eskaintzen, egunez egun detektatzen edo egiaztatzen dituzten kasu berriak baizik. Gure herrian, momentuz, 49 pertsonari eragin die koronabirusak, baina ez dago jakiterik zenbat sendatu diren, zenbat hil eta zenbat dauden osatzeko bidean.