Osasun agintariek gomendatutako arauak errespetatzen jarraituko dutela azaldu dute herriko pentsionistek, baina "erantzukizun berarekin euren eskubideak eta pentsio sistema publikoaren defentsan jarraitzeko asmoa agertu dute, "pertsona orok bizitza duina bermatzen duen pentsio eskubidea izan dezan". Orain arte egin duten modu berean azpimarra berezia egin dute emakume pentsionistengan: "Ehunka mila pentsiodunek, gehienetan emakumeak, jasaten duten miseriazko eta huskeriazko pentsioak amaitu behar ditugu". Horrekin batera bizitzen ari garen egoera honetan pentsioen mozketak ez dituztela inolaz onartuko ere nabarmendu dute.
Herritarren ahalegina goraipatuz
Herritarren gehiengoak modu "oso arduratsuan" eta "ahalegin kolektiboa" egin ondoren, beheratze aldietan sartzea "lasaitu ederra eta garrantzitsua" dela uste du koordinakundeak, "denbora luzez mugatuta egon garenontzat". Hala ere, "kontuz jokatzeko" deia ere egin dute: "Beheranzko joeran sartu izanak ez du esan nahi birusa kontrolatuta dagoenik, osasun agintariek gomendatutako segurtasun neurriak mantentzen jarraitu behar dugula baizik".
Atzera pausuek "infekzio eta heriotza berriak" suposatuko lituzkeela gogorarazi dute: "Zaintza Intentsiboen Unitatearen "saturazio berri bat eta lur-jota eta akitutako osasun langileentzako gainkarga".
Espainiako politikariek lehentasunezko gai honen inguruan adostasuna bilatzeko "ahalegin handiagoa" egin zezaketela aldarrikatuz, Frantziako eta Portugaleko adibideak ekarri dituzte gogora: "Horiei imitatu ahal izan baliete, hain urrutiraino ez joateko, non adostasuna izan baita araua, pandemia ikaragarri honi irtenbideak bilatzeko orduan".
Ildo horretatik, komunikazio-agiri desberdinetan errepikatu duten beste aldarri bat ere ekarri dute oraingoan; adinekoentzako arreta publikoa eta sektore publikoa indartzeko beharra, hain zuzen, eta lelo "garbi bat" gehitu diote: Pertsonen osasuna eta bizitza lehenetsi behar dira, adinekoen duintasunezko arrazoiak alde batera utzi gabe".