Egunero bezala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak koronabirusaren hedapenari buruzko datuak eguneratu ditu eguerdian.
Larunbatean, 4.090 proba egin zituzten, 3.055 PCR eta 1.035 test azkar. PCR bidez 15 positibo berri baieztatu zituzten; bost, Gipuzkoan; zazpi, Araban; eta hiru, Bizkaian. Lurraldeko kasu horietako bat ere ez da Lasarte-Oriakoa edo Beterri-Buruntza eskualdekoa. Test azkar edo serologiko bidez, berriz, 43 egiaztapen izan ziren.
Horiek gehituta, 16.160 lagun kutsatu ditu orain arte COVID-19ak. Gehienak, % 86, jada sendatutakoak edo alta jasotakoak dira. Hildakoak, berriz, % 7,8 dira, hau da, 1.466 lagun, atzo hildako zazpi pertsonak batuta. Gainerako % 6,2, 1.154 lagun, oraindik ez dira osatu.
Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleei dagokienean, atzo atzemandako positiboetako hiru ospitaleratuak izan ziren eta Zaintza Intentsiboko Unitatean 48 lagun daude.