OinHerrik etorkizuna "berramestu eta erabaki" nahi du

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 17a, 11:10

Herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak normaltasun berria "gauza asko birpentsatzeko abagune ederra" dela uste du eta haur nahiz nerabeak "subjektu aktibo" direla gogorarazi du.

Itxialdia leuntzen ari den honetan, OinHerrik idatzi batean zabaldu du bere gogoeta.

Batetik, itxialdiak haur eta nerabeengan izandako eragina kontuan hartu behar dela uste du elkarteak. Pantaila aurrean emandako ordu kopuruak handitu egin dira asteotan eta horrek hainbat eragin kaltegarri dituela zehaztu dute, hala nola, "haserretze maila handitzea, motibazio falta areagotzea, antsietatea, depresioa...". Horri lotuta, haurren inguruko alarmari dagokionean,  haiek kalera bueltatzeak kutsatze kasuen igoerarik ekarri ez duela ere nabarmendu dute. 

Bestetik, datozen asteetako erabakiak hartzerakoan haurrak "jendarte honetako subjektu aktibo direla" kontuan hartzeko eskatu dute. Halaber, normaltasun berria "gauza asko birpentsatzeko abagune ederra" izan daitekeela uste dute, besteak beste, erabakitzeko "nolako eskolara itzuli nahi dugun eta nola egin itzulera hori, hirigintza mailako hausnarketa sakonak, zaintza hezitzailea erdigunean nola kokatu, naturarekiko harreman jasangarriago bat nola eraiki, jasaten ari garen hizkuntza urraketak nola irauli...". Sinetsita daude hori dena "komunitate bezala berramestu beharrean gaudela", herritar guztiei, haurrak eta gazteak barne, erabakiguneetan parte hartzeko aukera eskainita.