Kultur ekimenak bertan behera ez uztea eskatu dute ekoizpen zerbitzuetako enpresek

Txintxarri Aldizkaria 2020ko mai. 17a, 10:39

Ia 80 enpresak idatzi bateratu bat plazaratu dute euren egoeraren berri emateko, Ez gaitzazue bertan behera utzi izenburupean. Jarduerei eusteko beste modu batean gauzatzea proposatu dute.

Kultur ekoizpen zerbitzuetako Euskal Herriko ia 80 enpresak, Lasarte-Oriako Factory Logistika tartean, idatzi bateratua zabaldu dute koronabirusaren krisiaren ondorioz bizi duten egoera larria azaleratzeko. Kultur ekimen eta ikuskizunak antolatu, kudeatu, hornitu eta aurrera eramateko lan egiten duten profesionalak "udaberriko eta udako behin behinekotasunetik" bizi dira batez ere; beraz, orain lan egiterik ez badute, "urtea galduko" dute, askoren biziraupena kolokan jarriz. “Zein enpresak –batez ere, ETEek, autonomoek eta kooperatiba txikiek –egin diezaioke aurre horri pertsiana itxi gabe?".

Martxoaren 14az geroztik fakturatu ez badute ere, ordaintzen jarraitzen dute, horregatik, Alarma Egoeraren hasieratik eskatu dute bai ikuskizunen atzeratzea bai ekitaldiak kudeatzeko "bestelako dinamikak". Era berean,  “enpatia” eskatzen diete kultur erakundeei “bizitza pixka bat errazago egin dieten kultura eta ekoizpen zerbitzuetako enpresa horiekiko”, eta udalei, aldiz, “kultura eta jaietako aurrekontuak hutsik ez uztea”. Alternatiba gisa, proposatu dute "edukiera mugatua duten ekoizpenetan lan egitera doitzea", " ekoizpen deszentralizatuak egitea" eta  "bertako eta inguruko artistekin lan egitea". 

Horrez gain, erakundeei eskatu diete euren ohiko lanari buruzko neurriak iragarri aurretik, beraiekin hitz egitea ekimenak bertan behera ez uzteko asmoarekin. Sinetsita daude osasun arloari egokitutako aukera bideragarriekin eta borondate argiarekin "gure egoerari aurre egiteko plan bat" diseina dezaketela,  eta aldi berean, "auzolan espiritua duen sare bat sortu denen artean".