Osasun Sailburu Nekane Murgak COVID-19ak Euskal Autonomia Erkidegoan duen eraginari buruzko azken datuak ezagutzera eman ditu eguerdian. Ostiralean 16 kutsatu berri atzeman zituzten erkidegoan PCR bidez: bat, Araban, hamahiru Bizkaian, eta bi beste erkidego batzuetako herritarrak. Gipuzkoan ez dute baieztapen berririk egin azken 24 orduetan.
Kasu berriak batuta, orain arte, 18.733 lagun kutsatu ditu koronabirusak. Horietako gehiengo zabala, %85,6 osatu dira edo alta jaso dute. Alegia, 16.028 lagun sendatu dira. Hildakoak, berriz, 1.459 dira, atzo hildako lau lagunak batuta. Gainerakoek, 1.246 pertsonek (%6,6) ez dira oraindik sendatu.
EAEko ospitaleetako ZIUn 50 gaixo daude, horietako lau, atzo atzemandako positiboak dira.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak epidemiaren bilakaerari buruzko datuak biltzen dituen txostena aldatu zuen ostiralean. Jada ez ditu metatutako kasuak udalerrika ezta osasun zonaldeka ere banatuko, eta baieztapen berrien kasuan bakarrik zehaztuko ditu. Hortaz, ezin da jakin zein den eragindako lasarteoriatarren egoera.