Etxea eta itxia oinarri bereko hitzak dira. Garai bateko gizakiak beren babeslekua hetsi beharrean aurkitu ziren. Hortik dator etxea. Barandiaranen iritziz, bizitokiaz gain, lantegi eta tenplua ere bazena. Etxeetako horma itxien barnean, beraz, bete zitezkeen giza-bizitzaren beharrizan nagusienak. Etxearentzat izan eta bizi ziren gure aurrekoak. Jatorriko izaera etxekoa zuten, eta etxearen izenak ezaugarritzen zituen.

Etxearen izen ona ez zen bere gisa mantentzekoa. Etxekoak lana gogotik egin behar zuen. ‘Egin’ hori omen zen etxekoaren grina. “Duintasunez bizitzeko, lana besarkatu beharra dago”, ikasi zuen Arizmendiarrietak Markinako baserrian egin zuen umezaroan. Baina, euskal etxearen helburua irautea omen zen. Belaun berriei begira, etxea ontzera behartuta zeuden etxeko nagusiak. Galbidean jartzen zutenak berriz, etxekaltetzat hartzen zituzten.

Birusari aurre egiteko etxe-itxialdian sartuta egon gara. Hartu dugun astinduak eraginda, gogo-hausnartzerako parada ezin hobea eduki dugu. Hetsita egon garen bitartean, gure etxeko (eta herriko eta munduko) gora-beherez jabeago egin garen beste gauza bat da. Gaur eguneko etxea ez da garai batekoa, zenbaitetan gure arbasoek hain berea zuten ikuskera hari eusteko premiarik daukagun arren.

Gehienetan, etxe modernoa bizileku hutsa besterik ez da. Jende askok aparteko guneetan osatzen ditu behar dituen hornidura materialak eta espiritualak. Bakardadea ere hortxe ari da gero eta zabalagoa egiten. Horregatik, itxialdiaren esperientzia etxean kaiolatuta baleude bezala bizi izan dute askok eta askok, bukaeraren zai urduri eta antsiatsu.

Ez naiz aintzinako bizimoduaren nostalgikoa. Baina, uste dut etxea-senidegoa, hartu duen zentzu modernoa galdu gabe, berreskuratu egin beharko genukeela giza-bizitzaren erdigunean jartzeko, oraindik ere gure beharrizanei erantzuteko funtseko erakundea delako.