Datuak emateko modua eta informazio mota moldatu du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Atzo txosten laburtua argitaratu zuen, gaur, berriz, itxuraldatutakoa. Aurrerantzean, kasu berriak udalerrika eta osasun zonaldeka banatuta ezagutaraziko dituzte, baina horietan metatutako kopuruak astean behin besterik ez. Horrez gain, kontaketako denbora muga ez da bezperako 20:00etan ezarriko, egun osora zabalduko dute (00:00-24:00); Espainiako Osasun Ministerioak hala eskatuta. Gaurko txostenerako orain arte emandako datu guztiak birmoldatu dituzte, irizpide horretara egokitzeko.
Azalpen horiek eginda, atzoko datuak. Azken 24 orduetan 31 kutsatu berri atzeman dituzte PCR bidez: bi, Gipuzkoan; bederatzi, Araban; eta hamazazpi, Bizkaian. Gainerako hiru positiboak zehaztu gabe daude. Lasarte-Orian eta Lasarte-Usurbil osasun eremuan ez da kasu berririk izan. Test azkarren banaketari buruzko informaziorik ez dute zabaldu.
Guztira, 18.607 baieztapen izan dira pandemia hasi zenetik, PCR bidez 13.391 eta 5.216 test azkar bidez. Kasu horien % 84,3 osatutakoak edo ospitaleko alta jasotakoak dira. Atzo, heriotza bat izan zen, eta 1.455 dira koronabirusak eragindako hildakoak (% 7,8). Oraindik sendatu ez direnak, berriz, 1.474 dira (% 7,9).