“Egun batetik bestera etxetik ateratzea debekatu zuten eta elkarteko kide bakoitzak bat-batean egoerara moldatu behar izan zuen”. Horrela azaldu digu Javi Olazagoitia Lasarte-Oria Trail elkarteko ordezkariak.
Elkarteak egun 40 federazio-lizentzia eta 100 bazkide baino gehiago ditu. Horregatik, bakoitzaren bizi egoera ezberdina dela nabarmendu du. “Bakoitzak ahal izan duen moduan entrenatu du. Zortekoek korrika egiten jarraitu dute etxean zuten lasterka egiteko zintari esker, besteek arrabola egin dute forma ez galtzeko, beste batzuk balkoian edo etxeko pasilloan egin dute korrika…”
Entrenamendu zehatzik gabe, baina Interneteko bideoen laguntzaz, batek baino gehiagok forma mantentzea lortu duela onartu du Lasarte-Oria Traileko kideak. “YouTuben dauden kardio eta behe-atala lantzeko ariketek asko lagundu dute. Badakigu ez dela berdin, baina egoera honetan burua lanpetua mantendu eta formarik ez dugu galdu”.
Gainera, egoerari aurre egiteko, taldearen babesa ere izan dute elkarteko kideek. Erronkak, animo bideoak edo bideo deiak egin dituztela azaldu du Olazagoitiak. “Egunero erronka ezberdinak bidaltzen genituen eta nahiz eta ezinezkoak iruditu, norbaitek egitea lortzen zuen. Taldeko kideen bideo edo argazkiak bidaltzen ziren animo hitzekin. Astero gainera taldeko bideo deia egiten genuen, elkar ikusi eta hitz egiteko. Barre batzuk egin eta herrian edo munduan gertatzen zenari buruz hitz egiten genuen”.
Egun euren kirol jarduera aurrera eraman ahal duten bakarretakoak dira. 1 Faseak baimenduta, beraz, hainbeste maite dituzten mendi bideetara itzuli dira. “Kanpoko entrenamenduak berriro egitea gozagarria izan da,” adierazi du Olazagoitiak.
Neurria jakitera eman zutenetik irrikitan atzera kontua izan zen haientzat eta azken egunetan elkarteko kideen artean urduritasuna eta ilusioa bateratzen zirela nabarmendu du Lasarte-Oria Traileko kideak, baita jardunak ondorioak izan dituela ere. “Aurreko egunetan, WhatsApp taldeetan urduritasuna antzematen zen…. Eta San Ferminetan entzierroko atea irekitzen dutenaren modura izan da... topera eta galdutako denbora berreskuratzeko asmoz. Taldeko kide guztiek sentsazio berak izan ditugu. Hasieran ilusio pila izan dugu, baina gero gihar-minak ez dizkigu inork kendu. Kar, kar. Izan ere, etxen kirol egiteak edo mendian egiteak ez du zer ikusirik”.
Lasterketak eta Mendi Festa
Entrenamendu eremua berreskuratuta, lasterketak noiz hasi zain daude elkarteko kideak. Lasarte-Oria Trail elkarteak bi hilabete hauetan erakunde, federazio eta lasterketetako antolatzaileeki harremanetan jarraitu du. “Orain guztia etenda dago irailaren 1era arte. Proba batzuk bertan behera geratu dira eta beste batzuk dataz aldatu dute, iraila, urria…,” azaldu du elkarteko ordezkariak.
Horren harira, gomendio bat eman nahi diete elkarteko kideek lasterketetan parte hartzen duten herritarrei. “Lasterketa bakoitzak arauak ditu. Horien barruan bertan behera geratuz gero euren jarduteko modua azaltzen dute eta garrantzitsua da izena ematerako horiek irakurtzea. Batzuk izena ematearen %80a itzultzen dizute, beste batzuk hurrengo urterako gordetzen dizute dortsala. Antolakuntza egonkorra eta egoera ekonomiko onean dauden urtetako probek, ordea, %100a itzultzen dute. Baina azken hauek ez dira asko”.
Era berean, itxialdiaren mugak kontuan izanik, Lasarte-Oriako 2. Mendi Festa hipotetiko bat antolatzeko kontsultak egin eta atzeko lana egiten hasi direla ere aurreratu du. “Zailtasun ugari izan ditugu. Irailaren 27an antolatu nahi dugu proba eta COVID-19ak sortutako egoera dela-eta, guztia bat-batean geratu behar izan genuen. Erakundeekin akordioak, laguntzaileekin elkarrizketak eta beste gai asko…”.
Lasarte-Oria Trailen “ideia eta ilusioa” proba aurrera eramatea da. Baikorrak dira baina euren esku bakarrik ez dagoela ere badakite. “Logikoki azken erabakia ez dago gure esku. Erakundeek zehaztuko digute egin ahal den. Argi dugu kirolarien osasuna eta ongizatea bermatuko dugula erabakia hartzean. Irailaren 27rako lau hilabete geratzen dira eta etorkizunari begiratuz gero, baikor izan behar da. Gero egunean egunean joango gara ikusten”.
Hori guztiaz gain, Lasarte-Oria Trailek Ostalaritza Lasarte-Oriak behar gehien duten familien alde antolatutako ekimenean bere harritxoa jarri zuen maitzaren 11n, astelehena. Elkarteak hiru erosketa orga eman zituen. “Elkarte berria gara eta mugak ditugu. Hala ere, ekimarekin bat egin dugu, elkarri laguntzeko garaia da bizi duguna eta gure sorreran esan genuen bezala, ez gara kirol elkarte soilia… herriaren alde eta herriarentzat lan egingo duen elkartea gara”.
Horregatik, herritarrei mezu bat helarazi nahi diete, “Herria handia garela erakutsi dugu, garai zail honetan eskuzabala dena eta salbuespen batzuk kenduta, itxialdia bete duena. Orain pixkanaka-pixkanaka aurrera egin behar dugu, zentzuz. Distantziak mantendu, ordutegiak errespetatu, maskara eta esku larruak erabili... arauak jarraitu behar ditugu eta horrela ez dugu atzera pausorik emango. Animo guztiei lortuko dugu-eta!”.