Lan-eremuko olatua ere hartzeko

Iñigo Gonzalez Sarobe 2020ko mai. 14a, 17:48
Kultur etxean beharrean, GFAren egoitzan egin dute mahai ingurua aurten. Argazkia: Udaltop.

Udaltop Udaletako Euskara Zerbitzuen topaketaren hamabigarren edizioa egin dute asteon, Covid-19ak eragindako egoerari moldatuta: 400 pertsona baino gehiagok jarraitu dute egitaraua Internet bidez. Eremu sozioekonomikoan nola eragin aztertu dute.

Udaltop etxetik: ireki leiho bat lan munduari izan da Udaletako Euskara Zerbitzuen topaketaren hamabigarren edizioaren izenburua. Aldaketa ugari egin behar izan ditu antolakuntza batzordeak, ezinbestean, Covid-19a tarteko: egitaraua goiz bakarrera moldatu dute; hitzaldiak-eta ez dituzte egin Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean;  eta, ate bat ireki ordez, leiho bat zabaldu behar izan diote, zeri, eta eremu sozioekonomikoari. Alor horretan nola eragin eta jardun euskaratik, euskaraz eta euskararentzat. Gonbidatuez gain, ia 500 pertsonak hausnartu dute horri buruz euren etxeetatik. Inoizko parte-hartze daturik onenak direla nabarmendu dute antolatzaileek. "Pozarren eta harrituta gaude erantzunarekin".

Jon Sarasua ikerlari eta irakasleak zabaldu du aurtengo edizioa, eremu sozioekonomikoan euskara sustatzeko behar denaren galderari erantzunez. Horren aurretik, euskararen normalizazio bidean egindakoari buruz jardun da. Metafora bat erabili du: "Aizkorriko tontorra da jo-puntua, baina Urbiako lainopean gaude orain". Orain arte ibilitakoak balioan jarri ditu, baina ohartarazi du "argi gorri batzuk piztuta" daudela zenbait alorretan, noraeza dosi bat dagoela horietan, gauza batzuk "birplanteatu" egin behar direla; tartean, lan munduko uhinaldiari nola ekin. 

Sarasuaren ustez, "potentzial handia" dauka euskalgintzaren unibertsoak akordio politiko bat erditzeko gai horren inguruan. "Inoiz ez dugu halako baldintzarik izan eskala handiko prozesu batean eta apustu koordinatu batean aritzeko, elkarlanean". Zehaztu du lan eremuan egin beharreko uhinaldiaren apustuak eta inbertsioak izan behar dutela "Guggenheim edo AHTa bezalako egitasmoen parekoa".

Agirre Lehendakaria Center erakundeko kide Leire Canciok  berrikuntza sozialetik behatu dio lan eremuko uhinaldi horri. Uste du pandemiaren ondoren etorriko den errealitateak bide emango diola gizartean "euskararen zentraltasuna" berreskuratzeko. "Biharamuna lantzerakoan, bere tokia beharko du euskarak, erronka globalek tokiko erantzun bat behar dutelako". 

Kafea eta gero, mahai ingurua 

Pilar Kaltzada kazetariak aurkeztu du Udaltopen hamabigarren edizioa, eta berak moderatu du baita ere mahai ingurua, atsedenaren ostean egin dutena.  Kafea Manuel Lekuona Kultur Etxeko kafetegian hartu beharrean, norberak bere etxean edan behar izan du aurten. 
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako zuzendariak, Leire Okarantza Fagor Kooperatibako Gestio Sozialeko ordezkariak eta Kike Amonarriz Topaguneako presidenteak gai hauei buruz hitz egin dute: Jon Sarasuaren gogoetez; testuinguru ekonomiko berrian euskarak presentzia gehiago izateko gakoez; eta ikus-entzuleek Whatsapp zein Twitter bidez egindako galderez.

Ikus-entzunezkoen bitartez, hainbat esperientzia ezagutarazi ditu Udaltopek, eragile ugarirenak. Osasuna futbol klubarenak esate baterako. Euskararen Osasuna ehun urte eta gero hitzaldia egiteko asmoa zeukaten, baina itxialdia tarteko, txosten bat eta bideo bat prestatu dituzte. Datorren astean zabalduko dituzte eduki horiek antolatzaileek, sarean. Aurtengo edizioko beste testigantza batzuk: Maier zein Agour kooperatibena eta Arabako Alea tokiko hedabidearena.

Aurtengo edizioari amaiera emateko, zuzeneko konexioa egin dute Urbiako lainopean zegoen korrespontsalarekin: Bea Egizabal herritarrak umore ukitua eman dio Udaltopen hamabigarren edizioari, eta, momentu onenak errepasatzearekin batera, honako galdera egin dio Jon Sarasuari: "Jon, zure hitzaldian ikusi dugun liburutegi horretako liburu guztiak irakurri al dituzu?".