Santander Liga eta bigarren mailako futbol taldeak lanean hasi dira ligaren itzuleraren zain. Gainerako ligak, berriz, bertan behera geratu dira, maiatzaren 8an Espainiako Federazioak erkidego ezberdinetako federazioekin batera hartutako erabakiaren arabera.
Horren ondorioz, martxoaren 14an indarrean zegoen sailkapena kontuan hartzen da denboraldiko irabazleak eta igoerak finkatzeko. Gainera, ez da jaitsierak izango.
Erabaki horri esker, 1. maila nazionalean den Añorga KKEk eraman du berri ona.
Javi Solchaga lasarteoriatarrak zuzentzen duen taldea 2. multzoko irabazle da eta denboraldiko helburua bete du, RETO Iberdrola ligara igotzeko txartela eskuratzea.
Añorga KKEk denboraldi ona egin du aurten. 19 partidatik 14 irabazi, 2 berdindu eta 3 galdu ditu taldeak. Bizkerre FT bizkaitarren erritmoari eutsi dio eta puntu bakarreko tartea medio - Añorga KKE, 44 puntu; Bizkerre FT, 43 puntu- multzoko txapela eraman du Solchagak zuzentzen duen taldeak
Hala ere, Solchaga ez da Añorga KKE taldeko herritar bakarra. Entrenatzaileaz gain, beste lau herritar ere baitaude jokalari edo prestatzaile lanetan: Izaskun San Aniceto eta Ainara del Olmo, jokalariak, Julen Ormazabal entrenatzailea eta Jon Presa prestatzaile fisikoa.
Añorga KKEk nazional mailako beste sei talderekin batera igoera espresa jokatu beharko du oraindik zehazteke dauden datetan eta osasun neurriak bermatzeko, ez da ikuslerik izango partida horietan
Igoera fase berezi horretan multzoetako lehen sailkatuak eta bigarren onena parte hartuko dute. Beraz, Añorgaz gain, Monte, Espanyol B, Betis B, La Solana, Unión Viera, Aldia eta Joventut Almasorra taldeak lehiatuko dira hurrengo denboraldian RETO Iberdrola ligan egoteko.
Denboraldi amaiera
Lasarte-Oriako taldeentzat, berriz, denboraldia amaitu da. Ostadar SKT, zein Texas Lasartearra taldeko kideek ez dute norgehiagokarik izango, baina hiru taldek maila berri bati aurre egingo diote hurrengo denboraldian.
Ostadar SKTko jubenil eta infantil txikien taldeek euren mailako ohorezko multzoan jokatuko dira.
Texas Lasartearra taldearen kasuan, kadete mailara igaroko da infantil taldea.
Iberdrola Ligan ere ez da partida gehiagorik jokatuko denboraldi honetan.
Iraia Iparragirre herritarra jokalari duen Real Sociedad taldeak, beraz, seigarren amaitu du liga.