Joxerra San Sebastianek Txanbela taldean jotzen zituen zenbait doinu batuta egin du azken bideoa. Lana eta musika uztatu ditu itxialdian, besteentzat jotzeko aitzakiak zaletasunari eusten lagundu baitio. Asmo handirik gabe hasi zen bideoak egiten, Xumelako taldekideak entretenitze hutsagatik. "Denak adinekoak dira, ez ziren etxetik ateratzen... Txapas ere hasi zen eta zerbait bidaltzea pentsatu nuen", gogoratu du. Kideetako batek TXINTXARRira bidaltzea proposatu zion eta beste batek herriko Facebook orrialdean partekatzea. Ordutik, San Sebastianek pare bat laguni pasatzen dizkie bideoak, eta hortik aurrera, bakarrik zabaltzen doaz.
Gauza bereziak egitea erabaki zuen, besteek egiten ez duten zerbait. "Kantatu jende askok kantatzen du; gitarra jo, askok jotzen dute; baina harmonika eta gitarra oso jende gutxik. Gainera, euskal musikarekin lotutakoak egin ditut". Etxean dituen baliabideekin egiten ditu: anplifikadore txiki bat, mikrofonoa, gitarra... Sakelakoarekin grabatzen ditu bere emazteak, "sinple-sinple egiten dugu".
Besteak entretenitzeaz gain, itxialdiko denbora pasa ere badira. Hasieratik lanean aritu da Goxogin, egun osoko lanaldiak txandakatuta. "Ohituta nago gauzak egiten, egun osoa etxean, ezer egin gabe... Aspertu egiten nintzen". Aldi berean, musika jotzeko aitzakia ere eman diotela aitortu du, "ez badaukat helburu bat, ez dut gitarra jotzen; utzi egingo nuke eta ez dut nahi".
Orain artekoek, harrera ona izan dute eta heldu zaizkion iruzkinak onak izan dira. "Originala dela. Ez zekitela horrelakoak egiten nituenik... Bakoitzak mundu bat ezagutzen du eta hortik kanpo igual ez nau kantari ikusi edo ez da konturatu... Oraindik inork ez dit esan desastrea denik, gaizki ari naizenik edo pelma naizenik", dio barre artean.
Egoera hau zenbat luzatuko den ez badaki ere, buruan baditu ideia batzuk beste bizpahiru bideo gehiago egiteko. Ez du gehiegi luzatu nahi, “jendea nazkatu gabe”.